Lurraldebuseko DB05 linearen ordutegia egokituko dute, Itziarko ikasleei garraio publikoaren erabilera errazteko

Berriketan 2025ko ira. 3a, 10:03

Jakinarazi dutenez, Ondarroa eta Zumaia artean ibilbidea egiten duen DB05 lineak atzeratu egingo ditu zenbait irteera datorren astelehenetik aurrera (irailak 8). Helburua da Zumaiako institutuan ikasten ari direnek etxera bueltatzeko autobusa garaiz hartzeko aukera izatea. 

Hemendik gutxira hasiko da 2025-2026 ikasturtea, eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jakinarazi duenez, moldatu egingo dute Lurraldebusen DB05 lineak Ondarroa eta Zumaia artean eskaintzen duen autobus zerbitzua, herriko ikasleei garraio publikoaren erabilera errazteko.

Azahara Dominguez diputatuak azaldu duenez, zerbitzuaren hobekuntzak Alazne Txurruka Debako alkateak duela aste batzuk egindako eskaera bati erantzuten dio. Dominguezen esanetan, Txurrukak zerbitzua egokitzeko eskatu zion bilera batean, Zumaiako institutuan ikasten ari diren Itziarko herritarrek autobusa garaiz hartzeko aukera izan zezaten.

Eskaera horri erantzunez, astelehenetik aurrera (irailak 8), lanegunetan, DB05 (Ondarroa > Zumaia) lineak 20 minutu atzeratuko du irteera Zumaiatik (15:30). Erabiltzaileak 15:45ean iritsiko dira Itziarrera eta 16:00etan Debara. Deban 20 minutuko itxaronaldia egin ondoren, autobusa 16:20an irtengo da Mutrikurantz eta 16:30ean helduko da hara. 

Era berean, orain arte Debatik Itziarrera 15:45ean irteten zen zerbitzua 16:00etara atzeratuko da. Hau da, 16:10ean iritsiko da bertara, eta 16:25ean Mutrikutik irteten zen zerbitzua, aldiz, 16:30ean aterako da; beraz, autobusa 16:45ean Debara iritsi beharrean 16:40an iritsiko dela esan dute. Azpimarratu dutenez, aldaketa horiek lanegunetan soilik izango dira, eta zehaztutako ordu horietan.

Erakundeen arteko lankidetza

Diputatuak azaldu du aldaketa horiekin "hobeto" erantzuten dietela Itziarko bizilagunei, "batez ere gazteneek dituzten beharrei. Horrela, ez dute inoren mende egon beharko institutura joan eta itzultzeko, haien independentzia sustatzeaz gain, guztiei hezkuntzarako sarbidea erraztuz, familiek ibilgailu pribatua duten edo ez alde batera utzita".

Alazne Txurruka bat etorri da Dominguezek esandakoarekin eta nabarmendu du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Deparmentuak "jarrera egokia" erakutsi duela Itziarko guraso talde batek egindako eskaeraren aurrean. "Erakundeen arteko lankidetza horri esker, gure gazteek institutura garraio publikoan eta autonomia handiagoz joan ahal izatea errazten da".