ERREPORTAJEA

Udan ere beharrezkoa da odola

barren.eus 2025ko uzt. 22a, 13:03

Ez da kontu berria, baina zoritxarrez, bai, urtero errepikatu beharrekoa: odol emateak nabarmen egiten du behera udan, nahiz eta ospitaleen premiak urte osoan berdin ibili.

Eskasia horri aurre egiteko, odol emaileen elkarteetatik odola ematera deitu dituzte herritarrak. “Urte osoan behar da odola, eta guk mezu hori zabaldu nahi dugu lehenengo eta behin. Datuek argi diote. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian biztanleen %2 gara odol emaile, baina lau lagunetik hiruk beharko dugu odola noizbait gure bizialdian. Odola behar izateko ez baita istripu larri bat izan behar. Belauneko ebakuntza baterako ere behar da odola, eta horren kontzientzia hartu behar dugu: behar dugunean izango badugu, eman ere egin behar dugula ahal dugunok", esan du Alaitz Zubiaurre Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetako ordezkariak.

Eta , testuinguru horretan, Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetako ordezkariak ohartarazi duenez, odola urte osoan behar da. "Hemen ez dago oporraldirik”.

Gipuzkoako datuei begira jarrita, eskualdeko herrietakoak jarri ditu mahai gainean Zubiaurrek, Eibar, Elgoibar, Soraluze, Mendaro, Deba eta Mutrikukoak, eta datuok erakusten dute 2023tik 2024ra, Deban, Mendaron eta Elgoibarren behera egin dutela odol emateek, eta, aldiz, hazkunde apal bat izan dela gainerako herrietan.

"Kontzientziazio lan handia"

Deban, iaz, 2023an baino odol emate gutxiago izan ziren: orotara 314 lagun hurbildu ziren odola ematera, aurreko urtean baino lau gutxiago. Mendaron ere, joera antzekoa izan zen: 20024an 114 lagunek eman zuten odola, eta 2023an, berriz, 136k. 

Elgoibarren, 626 lagun hurbildu ziren odola ematera 2023an, eta horietatik 563k eman zuten, 26k lehenengo aldiz. Iaz, 25 lagun gutxiago hurbildu ziren odola ematera. Izan ere, 601 lagun joan ziren odola ematera, horietako 22 lehenengoa aldiz, eta 540k eman ahal izan zuten. 

Eskualdeko gainerako herrietan (Gipuzkoakoetan), emaitzak zertxobait hobeak dira, baina hala ere, “kontzientziazio lan handia” dago oraindik egiteko, Zubiaurreren esanetan. Soraluzen, esaterako, 2023an 190 lagun hurbildu ziren odola ematera eta 169k eman ahal izan zuten, zortzik estreinako aldiz. Iaz, berriz, 189 odol estrakzio egin zituzten eta 25 odol emaile berri izan zituzten.

Mutrikukoak dira daturik onenak, baina dena da gutxi, premia zenbatekoa den kontuan hartuta. Hala ere, azkeneko urteetako joera negatiboari buelta eman diote eta hori bera bada itxaropentsu egoteko arrazoi bat, Zubiaurreren hitzetan. Mutrikun, iaz 210 odol emate egin ziren, 2023an baino 44 gehiago (%21), eta odola eman zutenetatik 27, gainera, odol emaile berriak izan ziren, lehenengoz eman zutenak. Eibarren ere, igoera txiki bat sumatu zuten, baina hutsa.

Gazteei deia

Zubiaurrek dei berezia egin die gazteei, etorkizuneko odol emaileen kopurua bermatzeko gakoa direlako. Gazteagoen artean datuak kezkagarriak dira, eta horregatik gazte jendea animatu nahi dute elkartetik.