Dagoeneko martxan da UEMAren Bertatik Bertara kanpaina udalerri euskaldunetan, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. UEMAk seigarren aldiz jarri du abian kanpaina uda honetan.
Horretarako, UEMAk eta bertako kide diren dozenaka udalek —tartean Debakoak— hainbat baliabide eskainiko dituzte: besteak beste, 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean, gurea euskararen herria dela nabarmentzen duen diptikoa zabalduko dute turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten guneetan; eta merkatariek eta ostalariek zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jasoko dituzte.
Aurten, gainera, ohiko hiztegi txikiez gain, euskarazko kultura eta musika ikusarazteko musika zerrendak ere prestatu ditu UEMAk: bidaiaren soinu banda bisitarientzat, eta euskarazko musikarekin osatutako zerrendak denda, taberna zein jatetxeetarako.
Gaineratu dutenez, hainbat garapen agentziek ere egingo dute bat irailaren erdialdera arte luzatuko den kanpainarekin. "Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera".
Kanpainaren euskarriak
Taberna eta jatetxeei dagokienez, UEMAko kide diren 118 udalek dute tabernetan eta jatetxeetan zabaltzeko mahai gainekoak eskatzeko aukera. "Guztira, 300.000 mahai-gaineko banatuko ditu UEMAk taberna eta jatetxeetan, udalen laguntzarekin", zehaztu dute.
Mahai gaineko horretan, bisitarientzako oinarrizko hiztegiaz eta euskarazko musika zerrenda batera bideratutako QRaz gain, kanpainaren nondik norakoa azaltzen du testu labur batek. Era berean, sei euskal herritarren bideoetarako QRak ere biltzen ditu mahai-gainekoak, azalpenak sei hizkuntzatan entzun ahal izateko:
- Euskaraz, Leioan jaio eta Azpeitian bizi den Mari Marron.
- Gazteleraz, Argentinan jaio eta Markina-Xemeinen bizi den Lucia Conzi.
- Katalanez, Herrialde Katalanetan jaio eta Oiartzunen bizi den Maria Manera.
- Galegoz, Zarautzen jaio baina guraso galiziarrak dituen eta ama-hizkuntzari eusten dion Begoña Rey.
- Frantsesez, Frantzian jaio eta Arbizun bizi den Laurent Richard.
- Ingelesez, Alaskan (AEB) jaio eta Asteasun bizi den Ashlyn Simmons.
Turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, mahai gainekoan agertzen diren sei euskal herritar horien hizkuntzetan, kanpainaren berri emateko. Bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegi laburra ere biltzen du, besteak beste.
Baliabideak
UEMAko kide diren udalerrietako merkatariei, bestalde, esku-orri bat bidali zaie aurten ere. Zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia azaltzearekin batera, horretarako baliabideak ere eskaintzen zaizkie: kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz jartzeko itzulpen eta diseinu zerbitzua, euskarazko musika zerrendak, online hiztegiak eta abar.