Aurten ere Baso Bete Zientzia ekimena ikusgarria izan da, Debako Kultur Elkartean eta, lehen aldiz, Itziarren, Burugorri gainean, antolatutako solasaldi zikloarekin. Guztira 9 hitzaldi izan dira eta bertan jende ugari elkartu da, zientzia eta aisialdia modu naturalean uztartuz.
Solasaldietan gai zientifiko anitzak landu ditugu, hala nola terapia aurreratuak, optimizazioaren garrantzia matematiketan, oilo lumen erabilera material berriztagarrien garapenean, gas naturalaren itsas garraioa, energia berriztagarrien kudeaketa edota zibersegurtasuna. Gure herriko eta inguruko zientzialariek modu gertuko eta parte-hartzailean azaldu dituzte gaien konplexutasunak eta entzuleek galderak egiteko eta hausnarketa interesgarriak partekatzeko aukera izan dute.
Aurten bereziki pozgarria izan da Itziarren lehen aldiz egin dugun saioa. Burugorri gainetik egindako topaketa honek erakutsi du zientziak ez duela mugarik eta jakin-mina eta parte-hartzea handia dela inguruotan.
Hurrengo edizioa prestatzeko gogotsu gaude, baina esku gehiago eta ideiak behar ditugu ekimenak aurrera egin dezan. Era berean, solasaldietan parte hartzeko prest dagoen zientzialari orori gonbidapena luzatzen diogu, programazioa irekita baitago.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi! Zientzia herritik eta herriarentzat sustatzen jarraituko dugu. Hurrengo solasaldietara arte!