ELKARRIZKETA

Gloria Sukia: "Gustura erakutsiko nioke norbaiti nik dakidan guztia, eta are gehiago etxekoa baldin bada"

Berriketan 2025ko uzt. 1a, 10:09

Gloria Sukiak (Deba, 1942) bizitza osoa darama josten. Umetan hasi zen, panpinekin denbora-pasan, haria eta jostorratza bidelagun, eta nerabezaroan ekin zion joskintza ikasteari, Itziarko Olabe baserrian neguan lan gutxiago izaten zutela aprobetxatuz. Galtzagile gisa jardun zuen lehenbiziko urteetan eta gerora euskal jantzi tradizionalak egiten aritu da, pasioz eta dedikazio handiz; urteotako ibilbideak egin du ezagun artisaua. 

Badira baserritar jantziak eta euskal jantzi tradizionalak armairuetatik atera eta soinean jantzita irteteko egun seinalatuak: Euskal Jaia, Santa Ageda, Zoro Feria... Eta, zalantzarik gabe, arropa horiek josten aritzen diren artisauen artean erreferenteetako bat da oraindik ere Gloria Sukia. Ezagunak dira bere diseinuak, bai Deban, bai hemendik kanpo. 90eko hamarkadaren erdialdean hasi zen euskal jantziak egiten eta gaur egun, erretiroa hartu arren, oihal eta orratz artean jarraitzen du, beste erritmo batean bada ere. Urte hauetako jarduna eta ibilbidea errepasatu ditugu elkarrizketan.

Noiz hasi zinen josten?
Umetan hasi nintzen, denbora-pasan. Zortzi anai-arrebetan zaharrena naiz eta, baserrian ez nuenez inor nirekin jolasteko, panpinei soinekoak josten pasatzen nuen denbora. Nagusiagoa egin nintzenean, 16 urte inguru nituela, Itziarrera joan nintzen josten ikastera; neguan lan gutxiago izaten genuen baserrian eta bi negu eman nituen bertako jostun ezagun batekin joskintza ikasten. Hurrengo neguan galtzak josten ikasi nuen Deban eta gerora beste bi negu pasa nituen Lorenzo Olaizola sastrearekin ikasten, Deban bertan.

Ikasketak amaitu ondoren, zure kabuz hasi zinen lanean? Badakigu, adibidez, mertzeria bat izan zenuela. 
21 urte nituela Lorenzorentzat galtzagile lanak egiten hasi nintzen; piezak etxean josten nituen. Gero, ezkondu egin nintzen eta hiru seme-alaba izan nituen. Eta haiek hazi zirenean, 1984an, mertzeria bat zabaldu nuen Debako Foruen Plazan. Lau urte beranduago, 1988an, denda hura itxi eta beste bat ireki nuen Zarautzen, Santa Marina kalean. Bertan, mertzeria izateaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen nituen.

Zeintzuk?
Joste lanak izaten ziren. Batez ere konponketak egiten nituen eta poliki-poliki jendea ezagutzen hasi nintzen. Egun batean ezagun batek Euskal Jairako jantzi bat egiteko eskatu zidan, eta hor hasi zen dena.

Beraz, kasualitatez hasi zinen euskal jantziak egiten? 
Enkargu haren emaitza mertzeriako erakusleihoan jarri genuen ikusgai eta sekulako arrakasta izan zuen. Jantzi berezia zen eta atentzioa ematen zuen, jendea ez baitzegoen ohituta kalean halako zerbait ikustera. Erakusleihoan eduki ondoren, baserritar jantziak egiteko eskaerak jasotzen hasi nintzen, 90eko hamarkadaren erdialdean. Zarautzen bederatzi urte egin nituen guztira.

Nola gogoratzen duzu lehenengo enkargu hura? 
Emakume batentzako jantzi zuri-beltz bat zen, baina desberdina aldi berean, ez zelako ohiko jantzi zuri-beltz loreduna. Enkargua egin zidanak ekarri zidan oihala eta bere gustura eta neurrira egin nuen dena.

"2005az geroztik, euskal jantziak bakarrik egiten ditut eta azoketan ere ibiltzen nintzen arropak herriz herri saltzen"

Arrakasta izan zuen, beraz. Eskaera asko izan al zenituen gero? 
Bai. Ezin nituen enkargu guztiak onartu eta mertzeria itxi nuen, konponketetan eta euskal jantziak josten buru-belarri aritu ahal izateko. 1996 inguruan pisu bat hartu nuen Zarautzen eta han egiten nituen joste lanak. Denborarekin, gero eta jantzi gehiago eskatzen zizkidatela ikusita, horretara bakarrik dedikatzea erabaki nuen. Hasieran bezeroek ekarritako oihalekin egiten nituen jantziak, baina gero nik erositako oihalekin eta osagarriekin hasi nintzen lanean. 2005az geroztik, euskal jantziak bakarrik egiten ditut eta azoketan ere ibiltzen nintzen arropak herriz herri saltzen. Ordutik, enkarguak etxean josten ditut, lasaiago eta neure erritmora.

Zu bakarrik aritzen zara?  
Beti aritu izan naiz bakarrik. Neure kabuz moldatzen naiz: jantziak diseinatu, josi, enkarguak kudeatu… Hala izan da beti.

Euskal jantzi tradizional bat diseinatzea eta egitea jostea baino gehiago da. Nola moldatzen zara sortze prozesuan?
Nik neuk sortutako bizpahiru modelo dauzkat hasiera-hasieratik eta horiek hartzen ditut oinarri oraindik ere. Egia esan, ez dut asko aldatu lan egiteko modua. Lanik zailena alkandora egitea izaten da. Gona batek oihal asko behar du, baina ez dauka sekretu handirik. Alkandorak, ordea, uste baino lan handiagoa ematen du. Alboetan eta luzeran oihal pixka bat gordetzen saiatzen naiz ni, bezeroak inoiz jantzia zabaldu edo luzatu behar badu ere, oihal zati hori erabiltzeko aukera izan dezan. Izan ere, bizitza osorako jantziak dira hauek.

Arropak eskuz egiten dituzu. Zenbat denbora behar izaten duzu enkargu bakoitza prestatzeko?
Emakumezkoen jantzi arrunt bat —blusa, gona, amantala eta bi zapi— aste eta erdian edo bi astetan egin dezaket. Baina traje landuagoa bada, gerruntze forratua edo beste elementu batzuk baditu, adibidez, normalean beste aste erdi edo astebete eskatzen dit. Orain jubilatuta nago eta eskaera gutxiago hartzen saiatzen naiz ni lasaiago ibiltzeko. Arrazoi horregatik, tailerrean hainbat modelo prest izaten ditut aurrez eta bezeroek nahi bezala konbina ditzakete; ez dute zertan aukeratu nik hasieran elkarrekin ipinitako gona, blusa, gerruntzea eta zapia. Bakoitzak nahi duen bezala osa dezake jantzia, gustuko osagaiekin. Emakumeentzat 42 neurrira arteko arropak izaten ditut eta gizonezkoentzat eta urtebetetik gorako haurrentzat ere aukera zabala dago. Enkarguzko lanak ere egiten ditut, baina gero eta gutxiago.

Batez ere antzinako euskal jantziak egiten dituzu. Zertan oinarritzen zara arropa diseinatzeko orduan? 
Gehienetan liburu zaharretan begiratzen dut, baina kalean ikusten ditudan diseinuetan eta jantzietan ere jartzen dut arreta. Ideiak hartzeko ahal dudan guztia aprobetxatzen saiatzen naiz.

"Beti aritu izan naiz bakarrik. Neure kabuz moldatzen naiz: jantziak diseinatu, josi, enkarguak kudeatu... Hala izan da beti"

Zer nolako materiala erabiltzen duzu? Oihalak eta bestelako osagarriak erraz aurkitzen al dituzu?
Egia esan, gero eta zailagoa da oihalak eta bestelako gauza guztiak eskuratzea. Izan ere, oihalak eta koloretako puntillak egiten zituzten lantegi asko itxi dituzte hemen azken urteotan eta antzeko zerbait gertatu da koloretako botoi landuak egiten zituzten fabrikekin ere; beraz, benetan zaila da gaur egun material hori lortzea. Kanpotik ere ekartzen ditut gauzak; herritik irten edo oporretara joaten naizen bakoitzean zerbait erosteko aprobetxatzen dut beti.

Zer bezero mota duzu gaur egun? Nor etortzen zaizu baserritar jantzien bila tailerrera? 
Euskal Herri osoko jendea etortzen da. Aurreko batean, adibidez, Zaragozara saldu nuen brusa bat, baina batez ere Arrasateko eta inguruko herrietako bezeroak dauzkat.

Urteko zein garaitan saltzen duzu gehien? Baserritar jantziak ospakizun edo egun seinalatu batzuetan bakarrik izan ohi ditugu prest... 
Denetarik izaten da. Euskal Jaia bezalako ospakizunetan gehiago saltzen dut, bai, baina batzuetan ezkontzetan ere erabiltzen dituzte jantziak eta dantza taldeak ere etortzen zaizkit arropa bila.

Zer garrantzi ematen zaio estetika tradizionalari? Ohiturak eta xehetasunak zaintzen al ditugu gaur egun? 
Tradizioari garrantzi handia ematen zaiola esango nuke. Jende askok mantentzen ditu lehengo ohiturak eta nik ere hala egiten dut. Egia da, hala ere, gaur egun jendeak diseinu desberdinak eskatzen dituela eta hori eskaintzen ere saiatu behar gara. Izan ere, orain inork ez du nahi betiko jantzi tradizionala.

Asko aldatu al dira euskal jantziak hamarkada hauetan? 
Lehen zuri-beltza zen nagusi eta batzuetan beltza urdin ilunagatik ordezkatzen zen, baina ez zegoen beste aukerarik. Orain, ordea, estilo bera mantendu arren, askoz ere kolore gehiago daude aukeran. Garai bateko diseinuekin alderatuz gero, gaur egungoak alaiagoak eta ausartagoak iruditzen zaizkit. Jendeak hori nahi du eta gu horri erantzuten saiatzen gara.

"Garai bateko diseinuekin alderatuz gero, gaur egungoak alaiagoak eta ausartagoak iruditzen zaizkit"

83 urte dituzu, Gloria. Josten jarraituko duzu?
Bai, osasunak, hezurrek eta ikusmenak laguntzen didaten bitartean jarraituko dut lanean. Hala ere, ez naiz lehengo erritmo berean aritzen. Gizonezkoen galtzak egiteari laga nion, adibidez. Prakek lan handia ematen dute eta gainera oso garestiak dira; beraz, eskaera gutxi izaten ditudanez, gehiago ez egitea erabaki nuen. Gizonezkoen brusak eta txalekoak, berriz, noizean behin egiten ditut, tailerra bisitatzen duenari zerbait eskaintzeko asmoz. Izan ere, nik dakidala behintzat, hemen inguruan ez dago gizonentzat horrelako brusak egiten dituen beste inor.

Erreleboa hartuko al dizu norbaitek? Urteotan ikasitakoa irakasteko prest egongo zinateke?
Gustura egingo nuke, noski. Nire seme-alabek ez dute jakin-minik edo interesik azaldu, baina etxeko beste batek behin baino gehiagotan esan dit ogibidea gogoko duela eta ikasi beharko lukeela. Hala ere, oraindik ez da animatu, beste saltsa batzuetan sartuta dabil eta... Gustura erakutsiko nioke norbaiti nik dakidan guztia, eta are gehiago etxekoa baldin bada. Hori bai, beti aipatu izan dut honetatik bakarrik ezin dela bizi eta ezinbestekoa dela afizioa izatea. Ni ere ez naiz honetatik bizi, oporretara joateko dirua izaten laguntzen didan arren. Hau nire bokazioa da, nire zaletasunik handiena. Josteak asko lagundu zidan gaixo egon nintzenean ere.

Zer zentzutan?
Bihotzekoak eman zidan iaz, abuztuan, eta hori gertatu ondoren ez nuen ezertarako gogorik. Berriz ere josten hasteak lagundu zidan bizipoza berreskuratzen, pixkanaka-pixkanaka. Orain ez dizkiot ordu asko eskaintzen joskintzari, baina tarte horietan beti egoten naiz pozik.