Pedrosa sailburua Itziarko eskola berrian izan da bisitan

Berriketan 2025ko eka. 19a, 11:04

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Luzaro HLHI ikastetxe publikoak irailean Itziarren estreinatuko duen espazio berria bisitatu zuen atzo. Lehen Hezkuntzako 48 haurrentzako lekua du eraikinak.

Irailean estreinatuko dute hezkuntza zentro berria Itziarren eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua bertan izan zen atzo (ekainak 18) bisitan, eraikina bertatik bertara ezagutzeko helburuz. Sailburuak azaldu bezala, "auzoko udaletxe zaharra, ondare-balio eta balio sinboliko handiko eraikin enblematikoa, erabat birgaitu dute Lehen Hezkuntzako hiru ikasgela hartzeko. Jarduketa horrekin, Hezkuntza Sailak balioa eman dio ondare eta komunitate-balio handiko eraikin horri eta bizitza berri bat eman dio hezkuntza-espazio gisa".

Pedrosa Ana Delgado Luzaro ikastetxeko zuzendariarekin, Alazne Txurruka Debako alkatearekin, Arantza Egaña Itziarko auzo alkatearekin eta Amaia Urzelay Gipuzkoako Hezkuntzako lurralde-ordezkariarekin izan zen bisitan.

Jakinarazi dutenez, espazio berria sortzeko egin duten esku-hartzearen aurrekontua 1,9 milioi euro ingurukoa izan da. Eta eraikinaren jatorrizko egitura, fatxada babestuak eta arkitektura-elementu esanguratsuenak errespetatzen dituen birgaitze integrala egin dutela nabarmendu dute. Ikastetxe berriak 358,96 metro karratuko barne-azalera erabilgarria izango du, hiru solairutan banatuta: beheko solairuan, plazara irekitako arkupea, komun irisgarri bat eta gela teknikoak daude; goiko solairuetan, berriz, hiru ikasgela, komunak eta irakasle-gela bat daude. Gainera, 132,86 metro karratuko azalera erabilgarria dute kanpoaldean, eta, horien artean, 100 metro karratutik gorako karrerape komunitarioa nabarmentzen da. Igogailua jarriko dute aurtengo udan.

Eraikina jasangarritasun, energia-efizientzia eta irisgarritasun irizpideak jarraituz diseinatu dutela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. "Zur kontraijeztuzko panelak (CLT), harri-iledun isolamendu termikoa, haritzezko kanpo-arotzeria beira bikoitza duten leihoak eta teila zeramikodun estalki aireztatua ditu. Zurezko jatorrizko egitura indartu egin da, eta lehendik zeuden elementuak berrerabili dira, ahal izan den guztietan. Akaberan, nabarmentzekoak dira fatxadan karezko morteroa, kanpoko zoladuran Lastur tokiko harria eta sarbideko material nobleak, hala nola zura, altzairua eta beira", zehaztu dute.

Eraikina Lehen Hezkuntzako 48 haurrentzako espazio berria izango da. Orain arte parrokia-etxean egon den behin-behineko espazioa ordezkatuko du, eta gune hori erabilera komunitario berrietarako erabili ahal izango dute, hala nola liburutegirako, ikasketa-geletarako edo hizkuntza-eskoletarako. 

300 esku-hartze baino gehiago uda honetan

Ikasturtea egun hauetan amaitzen bada ere, Hezkuntza Sailak gogorarazi du "lan handia" egingo duela udako hilabeteetan eskola-azpiegituren hobekuntzan aurrera egiteko; 300 esku-hartze baino gehiago egingo ditu EAE osoan, eta 166 milioi euro inguruko aurrekontua du.