Geoparkeko adituen esanetan, euskal kostaleko flyschik ezezagunena da flysch beltza, eta abiarazi duten Flysch Beltzaren Hilabetea promozioarekin hori ezagutzeko aukera eskainiko dute. "Helburua zientzia, Lurraren historia eta natura-ondarearen balioa zabaltzea da, bereziki familiei eta esperientzia hezitzaile eta jasangarriak bilatzen dituztenei zuzenduta", zehaztu dute.
Flysch beltza sakonago ezagutzeko, bi bisita gidatu prestatu dituzte ekainaren 14tik uztailaren 14ra bitartean: bata, flyscha haurrekin ezagutzekoa (Flysch haurrekin), eta bestea flyscheko fosilen berri izatekoa (Nautilus, flyscheko fosilak). Bi bisita horiek %50eko deskontuarekin eskainiko dituzte epe horretan, eta erreserba geoparkea.eus webgunean egitean “flysch25” kodea sustapen-kodea erabili beharko da.
Erdi prezioan egin ahal izango diren bi bisita gidatuak Mutrikutik abiatzen dira, eta bi ordu eta erdiko iraupena dute. geoparkea.eus webgunean datoz irteerei buruzko xehetasun guztiak.
Zer da flysh beltza eta zergatik da hain berezia?
Flysch beltza Geoparkeko formazio geologiko zaharrena da. Duela 100 milioi urte baino gehiago sortu zen oxigenorik gabeko ozeano sakon baten hondoan eta horrek ematen dio bere kolore ilun bereizgarria.
Gaur egun, flysch hau modu ikusgarrian azaleratzen da Deba eta Mutrikuko Saturraran hondartzaren artean, edertasun eta balio zientifiko handiko itsaslabarrak sortuz. Bere geruzetan itsas fosilak eta gure planetaren iragan geologikoaren aztarnak gordetzen dira eta zientzialariek garai hartan Lurra nolakoa zen uler dezakete.