Agerraldian jakinarazi zutenez, milaka lagun, boluntario eta langile bildu ditu beste behin ere Euskaraldiak. "Harro egoteko moduan gaude euskaltzale guztiok", azaldu zuten. Inoizko parte-hartze handiena izan du laugarren edizioak: ia 135.000 herritarrek eman dute izena, tartean Deba eta Itziarko lagunek, eta hori "ikaragarria" dela esan dute.
Bestalde, datua ez dela guztiz "erreala" ondorioztatu dute. "Jakin badakigu, jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan: aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako… Beraz, horrek erakusten digu datuek esaten dutena baino jende gehiago dagoela euskararen erabileran jauzi bat eman dadin gogoz".
Inoiz baino herri eta entitate gehiago
Zehaztu dutenez, aurtengo Euskaraldian "inoiz baino herri gehiago" aritu dira antolaketa lanetan. Guztira 450 herri izan dira ariketa soziala aurrera eramateko lan egin dutenak. Emaitza "benetan pozgarria" dela azpimarratu dute, "horrek esan nahi baitu inoiz baino herri gehiagotan piztu dela ariketaren beharraren ideia eta hori antolatzeko
ilusioa".
Badakite orokorrean batzordeen osasunaren seinale dela tokian toki sortzen den mugimendua eta ekintzak antolatzeko ahalmena, eta, horri erreparatuta, herri eta auzoetan ekitaldi andana antolatu dituztela nabarmendu dute. “Horrek ekarri du euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea 11 egunetan”. Eta herri batzordeak "osasuntsu eta indartsu" daudela ere erantsi dute.
Behin betiko datuen faltan, egitasmoa "eraginkorra" izan dela diote, kalean "nahi baino txapa gutxiago" ikusi dituzten arren
Halaber, Euskaraldiarekin bat egin duten erakundeen kopuruan jarri dute azpimarra, kasu horretan ere inoiz baino handiagoa izan baita kopurua: 7.500 entitate batu dira ariketara. "Laugarren edizio honek erakutsi du, beste behin ere, mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela".
Horiek horrela, Euskaraldiak "euskararen erabilera erdigunean" jarri duela azaldu du koordinazio mahaiak. "11 egun horien bueltan hedabideetan, ikastetxeetan, lantoki eta erakundeetan, euskararen inguruan hitz egin da, erabileran eragin beharra azpimarratu da. Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua".
Behin betiko datuen faltan, egitasmoa "eraginkorra" izan dela diote, kalean "nahi baino txapa gutxiago" ikusi dituzten arren. "Aztertu beharko da zergatik batzuek txapa hartu bai baina gero ez duten janzten. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko".
"Gogoeta positiboa"
Deban eta Itziarren ere gogoeta positiboa egin dute batzordekideek. Parte-hartze kopurua aurreko urteetako berdintsua izan da: 670 lagunek parte hartu dute aurten Euskaraldian. Entitateen parte hartzea, bestalde, "nabarmen" hazi dela esan dute, eta gorakada horrekin pozik agertu dira batzordekideak.
Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat izan da urtaro aldaketa, udazkenetik udaberrira pasa baita ariketaldia. Aldaketa ere "oso ondo" baloratu dute, "udaberriak kalean ekintza gehiago antolatzeko aukera eman baitigu, ikusgarritasuna handituz".