140.000 sinaduratik gora lortu ditu pentsio mugimenduaren lege proposamenak

Berriketan 2025ko mai. 8a, 10:20

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek iragarri dutenez, maiatzaren 15ean Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dituzte atxikipenak, Herri Ekimen Legegilea osoko bilkuran eztabaidatzea eta bozkatzea lortu dadin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) urte hasieratik aritu da Herri Ekinaldi Legegilea (HEL) babesteko sinadura biltzen, tartean Deban eta Itziarren, eta maiatzaren 3ra bitartera egindako kanpainan 140.000 pertsona baino gehiagoren babesa lortu dutela jakinarazi dute mugimenduko bozeramaileek.

Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak agerraldia egin zuen atzo (maiatzak 7) Donostian, azken hilabeteotako sinadura kanpainaren balantzea egiteko eta, bertan azaldu zutenez, ekimenak izandako arrakasta "hein handi batean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua osatzen duten pentsiodunen lanari eta konpromisoari esker" lortu da. "Oso garrantzitsua izan da gizarteko hainbat esparrutan erreferenteak diren pertsona ezagunek HELari eman dioten babesa, herritarrei dei eginez hura sinatzera eta babestera", zehaztu zuten.

Herritarrak Herri Ekinaldi Legegilearen alde sinatzen Deban. Arg.: Deba eta Itziarko Pentsiodunen mugimendua

 

Kopuru horretatik 48.039 Gipuzkoan lortu direla esan zuten, atzoko prentsaurrekoko parte hartzaileek esku artean zituzten kartelek argi adierazten zuten bezala. Deba eta Itziarri dagokionez, berriz, 495 herritarrek babestu dute eskaera. Tokiko pentsiodunen mugimenduko kideak ere pozik agertu dira datuarekin. "Hasierako erronka 300 sinadura batzea zen. Beraz, kopurua gaindituta, pozik gaude taldean".

Eusko Legebiltzarrera

Hurrengo urratsa atxikimendu horiek guztiak Eusko Legebiltzarrean aurkeztea izango da, HELa osoko bilkuran eztabaidatu eta bozka dadin lortzeko. Hilaren 15ean entregatuko dituzte sinadurak eta, iragarri dutenez, lehendabizi manifestazio handi bat egingo dute –hainbat herritatik antolatu dituzte autobusak hara joateko– Gasteizko kaleetan zehar eta ondoren joko dute Legebiltzarrera.

Sinadura bilketarekin, “mugarri bat” jarri dute. "Inoizko sinadura kopururik handiena" lortzeko helburuz abiatu zuten kanpaina eta HELa legez eztabaidatzeko behar diren gutxieneko 10.000 sinadura baino askoz gehiago lortuta, pozik agertu dira pentsiodunen mugimenduko kideak.

Testuinguru horretan, adierazi dute harrera zabala izan duela kanpainak. "Horrek argi adierazten du euskal gizartearen sektore zabal baten interesa eta adostasuna gure lege-proposamenarekiko, ez soilik pentsiodunena, baizik eta herri-sektore zabalarena; oro har, langileena, gazteena, emakumeena, etorkinena...".

HELaren helburuak

Proposamenaren helburua da sistema bat sortzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatutako 60 urtetik gorako guztiek gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko pentsioa jaso dezaten.

EHPMren kalkuluen arabera, pentsiodunen herenek gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituzte, eta horien %70 emakumeak dira. "Askok hilean 850 euro baino gutxiago jasotzen dute, eta HEL honek 65.000 emakume pentsioduni egingo lieke mesede".