Zientzia herritarrena ere bada, baina batzuetan kosta egiten da ikusaraztea ez dagoela gizartetik bereizita. Eta gakoa dibulgazioan dagoela uste dute, hain zuzen, Baso Bete Zientzia egitasmoaren arduradunek. Helburu horrekin antolatu dituzte aurten ere jardunaldiak, "zientzia kultura orokorraren parte dela erakusteko beharrezkoak" direla iritzita.
Herritarrek zientzia munduan egiten duten lana ezagutarazteko eta Deban eta Itziarren ere zientziarekiko interesa pizteko asmotan prestatu dute egitaraua. Bederatzi hitzaldi izango dira maiatzean (lau egunetan banatuta); horietatik zazpi Debako Kultur Elkartean egingo dira, eta beste biak Itziarko Burugorri gainean.
Egun bakoitzean bi edo hiru hizlari izango dira eta, hitzaldi bakoitzaren ondoren, galderak egiteko eta eztabaidarako tartea eskainiko dute
Hitzordu bakoitzean, zientzialariak izango dira protagonista eta ezagun duten lan edo ikasketa arloarekin lotutako kontuez ariko dira, euskaraz. Zabala da gaien zerrenda: energia berriztagarrien kudeaketa, material biodegradagarriak, osasuna, telekomunikazioak eta zibersegurtasuna, ingeniaritza industriala, nautika eta itsas garraioa, matematika...
Antolatzaileek azaldu dute solasaldi laburrak izango direla, hogei bat minutukoak. Egun bakoitzean bi edo hiru hizlari izango dira eta, hitzaldi bakoitzaren ondoren, galderak egiteko eta eztabaidarako tartea eskainiko dute. Saioen artean pintxo-potea izango da aukeran, "giroa erlaxatzeko".
Guztiontzat
Zientzia publiko orori gerturatzeko xedea du Baso Bete Zientziak eta, hortaz, herritar guztiei hitzaldietara bertaratzeko deia egin diete, solasaldiak entretenigarriak eta denok ulertzeko modukoak izango direla azpimarratuz.
Hona hemen bihar (maiatzak 8) 19:00etan Kultur Elkartean izango diren zientzialarien aurkezpenak eta solasaldien nondik norakoak:
> ANE FEIJOO
Energiaren Biltegiratze eta Kudeaketan doktoregaia
Ane Feijoo (Deba, 1998) Mondragon Unibertsitateko Energiaren Ingeniaritzan graduatua da eta masterra du Energia eta Potentzia Elektronikan. Gradu-bukaerako lana Ikerlanen egin zuen eta 2022ko irailaz geroztik bertan ari da doktoretza-tesia egiten, Energiaren Biltegiratze eta Kudeaketa alorrean. Azken hilabeteetan nazioarteko egonaldia egiten aritu da Portoko (Portugal) INESC TEC ikerketa zentroan.
> 'Etorkizuneko flexibilitate merkatuak: kontsumitzaileon parte hartze aktiboa trantsizio energetikoan'
|
Europak 2050. urterako ezarri dituen helburu klimatikoek energia iturri berriztagarrien integrazio handia sustatuko dute. Hala ere, gaur egungo sare elektrikoa ez dago erronka honi aurre egiteko prest eta azken urteotan flexibilitatea aurkezten dute irtenbide bezala. Baina nola bihur gaitezke irtenbidearen parte? Hausnartu dezagun kontsumitzaileon parte hartze aktiboaz trantsizio energetikoan. |
> IBON ARANBERRI
Kimikan doktorea
Ibon Aranberrik (Eibar, 1974) 1998an amaitu zituen Kimika ikasketak EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Ondoren, masterra egin zuen Berlingo Unibertsitatean eta handik Ingalaterrara jo zuen, doktoretza Hull-eko Unibertsitatean egitera. Euskal Herrira itzuli zenean, bi urteko doktoretza ondokoa egin zuen Donostiako Polymat Institutuan eta ordutik 20 bat urte daramatza plastiko berrien garapenean murgilduta. Donostiako CIDETEC Zentro Teknologikoko ikerlaria da.
> 'Eta oilo lumekin material biodegradagarriak garatuko bagenitu?' |
Plastiko gehienak petrolioaren deribatuak dira eta horrek baliabideak agortzea ekar lezake. Alternatiba berriztagarriak behar dira, baina, zoritxarrez, horiek erronka handiak dituzte oraindik ere: kostua, eskalagarritasuna eta propietate mekanikoak, besteak beste. Etorkizunean, material berrien eta ekonomia zirkularraren arteko oreka bilatzea funtsezkoa izango da petrolioarekiko menpekotasuna gutxitzeko. |