GUTUNA

"Garraio publiko eta duinaren alde"

Berriketan 2025ko api. 30a, 12:13

Herritar talde batek ondorengo testua helarazi du Berriketan-era.

Itziar eta Deba arteko errepidea itxi zenetik, autobus zerbitzuarekin bizi dugun egoera larria eta lotsagarria da benetan.

Autobusen ordutegia ez da egoera berrira egokitu, horrek suposatzen duen guztiarekin. Batez beste 20-25 minutuko atzerapenarekin ari da zerbitzua. Garaiz eta puntual iristen garenean, herritarrok ez dakigu autobusa geltokitik pasatu den ala ez. Adibidez, apirilaren 26an, larunbatez, Itziartik Zumaiara doan azken autobusa ez zen geltokira etorri. Bertan dozena bat herritar egon ziren autobusaren zain 10:40era arte, baina, esan bezala, ez zen agertu.

Horrelako egoerak egunero bizi ditugu. Esan beharra dago herritar ugari zuzendu garela Lurraldebusera eta aldundira; baina aldunditik ez dugu erantzunik jaso, eta Lurraldebusen kasuan ez digute inolako irtenbiderik eman. Beraien erantzuna zera izan da: ez denez ibilbidea egokitu, ordutegia ez da moldatu behar.

Nola esan daiteke ez dela ibilbidea egokitu, Itziartik Debara edo Debatik Itziarrera doazen autobusak Elgoibartik joaten direnean? Egoera honen aurrean, berriz ere, herri txikietan bizi garenok gara kaltetuenak; eta batez ere adineko jendea eta gazteak, kotxerik ez duten herritarrak. Badakigu errepidearen egoera ekainera arte gutxienez ez dela konponduko. Beraz, bada garaia behingoz arazoa aztertu, ordutegia moldatu eta zerbitzua indartzeko, herritarrok merezi dugun garraio zerbitzu publikoa jaso ahal izateko.

Sinatzaileak:

Nekane Lopetegi Salegi, Olatz Zubikarai Zubimendi, Ainara Etxarte Otegi, Maite Salegi Arriola, Ekaitz Solabarrieta Amilibia, Aitziber Domingo Rementeria, Aron Olaizola Odriozola, Yon Zubizarreta Mayora, Itziar Etxabe Beristain, Mirari Urain Unanue, Nerea Salegi Igual, Josune Beristain Oñederra, Joseba Mirena Aranguren Arruti, Joseba Aizpuru Mancisidor, Itxaso Etxabe Beristain, Iñigo Agirre Aierbe eta Jeannet Zubia Mancisidor.