GUTUNA

"Gerra inperialistari ez! M1 Bilbora!"

Deba Bailarako Kontseilu Sozialista 2025ko api. 29a, 09:34

Europa krisi bete-betean dago eta honekin agerian geratzen ari da bertako industriaren lehiakortasun falta. Hori dela eta, lantegi asko itxi eta beste hainbat irabazi handiagoak lor ditzaketen eskualdeetara mugitu nahi dituzte, besteak beste, Ezkirozko BSH, Altsasuko Sunsundegi, Zumaiako Balenciaga, Gasteizko Recubrimientos Organicos Saro, Laudioko Guardian Glass, Oñatiko Stadler eta Tuterako Nano.

Deslokalizazioaren eta enpresa itxieren mehatxuak, halaber, lan baldintzak okertu eta soldata murrizketak inposatzeko xantaia gisa erabiltzen dituzte enpresariek. Gainera, kaleratzearen alternatiba gisa lanpostuen malgutasuna normalizatzen ari dira, laneko legedia enpresarien mesedetara moldatuz eta beraien irabaziak langileen soldaten kontura handituz.

Egiturazko industria krisi honen aurrean oligarkia europarra berregituratze ekonomiko handi bat sustatzen ari da eta testuinguru horretan eskalada beliko bat jarri du martxan bere hegemonia ekonomiko eta militarra mantentzeko helburuarekin. Horren ordainetan, milaka langileren heriotza, gerrateak, goseteak eta bizi-baldintzen okertzea ari gara pairatzen.

Europar Batasunak martxoan aurkeztutako “Rearm Europe” planari men eginez, aurreko astean Pedro Sanchezek Espainiako Estatuaren historiako aurrekontu militar handienaren berri eman zuen. Sanchezek gastu militarra 10.471 milioi eurotara igoko zutela adierazi zuen, erabakia kongresuan bozkatu beharrik izan gabe. Azken 10 urteetan Europar herrialdeen gastu militarra %62 igo da eta OTANeko idazkari nagusiak osasungintza eta pentsioetara bideratutako aurrekontua gastu militarrera bideratzeko eskatu du.

"Guk argi diogu: Sanchezen gobernua babestea oligarkiaren eskalada belikoa babestea da"

Txanponaren beste aldean, ordea, azken 25 urteetan eros ahalmenak %42,5 behera egin izana dago eta 2024an etxegabetzeak %12,4 igo izana, besteak beste.

Sozialdemokrazia, eskuina eta eskuin muturreko alderdiek, bakoitzak bere argudiopean, berrarmatzearen alde egin dute. Guk argi diogu: Sanchezen gobernua babestea oligarkiaren eskalada belikoa babestea da. Etor daitekeen gobernuaren beldurrez gaitzetan txikienaren logika aplikatzeak gastu militarraren igoera zuritzeko eta langile-klasearen bizi-baldintzak okertzeko baino ez du balio.

Honen aurrean, gure eginbeharra klase batasunez eta elkartasunez jardutea da. Langile klase osoaren bizi eta lan baldintzak jopuntuan baitaude.

Europako estatuen militarizazioaren aurrean kaleak hartu.

Gerra inperialistari ez!

Maiatzaren 1ean denok Bilbora! 13:00etan, Jesusen Bihotzetik.