Aurrez jakinarazi bezala, gaurtik aurrera (apirilak 28) hondakin organikoen edukiontzi marroietarako irekitze elektronikoaren sistema ezarriko da Deban eta Itziarren ere.
Aurrerantzean, eskualdeko edukiontzi marroiak itxita egongo dira eta ezin izango dira ireki dagokion txartel fisikorik edo txartel birtualik gabe. Azken hori, hain zuzen, apirileko lehen astean etxera bidalitako txartel fisikoan agertzen den QR kodea eskaneatuz eta ondoren agertuko den Ireki aplikazioa mugikorrean deskargatuta lortu daiteke. Azaldu dutenez, aplikazioak etxe bakoitzeko "nahi beste txartel birtual izateko" aukera eskaintzen du.
Edukiontzia irekitzeko jarraibideak
Aurrerantzean, hiru urrats hauek jarraitu beharko dira edukiontziak behar bezala irekitzeko:
-
Txartela bertikalki jarri sarraila grisaren aurrean.
-
Segundo batez itxaron sistemak txartelaren seinalea detekta dezan.
-
Bi argi berde pizten direnean, edukiontzia ireki.
Debako Udalak herritarren inplikazioa eskertzen du eta, aldi berean, ingurumenaren eta birziklapenaren aldeko konpromisoa berretsi du.