Herri Urratsera joateko autobusa antolatu du Zuhatzak

Berriketan 2025ko api. 15a, 11:29

Debako eta Itziarko hamarnaka lagun izan ziren iaz Senperen.

Maiatzaren 11n ospatuko da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia Senperen eta bertara joateko autobusa antolatu dute aurten ere. Txartelak salgai daude dagoeneko Deban (Ieraenean) nahiz Itziarren (Bikain jatetxean), 15 euroan.

Aurtengoan ere, Herri Urratsera joan-etorria egiteko autobusa antolatu dute elkarlanean herriko hainbat gurasok eta Zuhatza Euskara Elkarteak. Autobusa 08:45ean abiatuko da Debatik, estalitako pasealekutik, eta ordu-laurden beranduago jasoko du jendea Itziarko biribilgunean. Itzulera ordua 19:30ean izango da, Senperen. Txartelak salgai daude jadanik 15 euroan; Ieraenean eta Bikain jatetxean eros daitezke.

Elgarrekin lelopean aurkeztu dute 42. Herri Urrats, "egungo jendarte indibidualistari aurre eginez, elgarrekin egitearen eta elgarrekin egotearen aldeko apustua egiten dugulako". Honela eman dute antolatzaileek aurtengo edizioaren berri. 2024koa arrakastatsutzat emanik, oraingoan ere antolakuntzari "gogo handiz" eta "indarrez" ekin diotela zehaztu du Koldo Rodriguez Herri Urratsen koordinatzaileak. Betiko hitzordua berritu dute: 2025eko maiatzaren 11n, igandearekin, Senpereko aintziran, "Seaskari sostengua eman eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko".

Erle beltza hautatu dute logoaren protagonista gisa: "20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean gure-gurea dugu erle beltza. Erleek elkarrekin egiten dute lan eta komunitatean bizi dira; hori dela-eta, oso ondo irudikatzen du leloarekin esan nahi duguna".

Seaskako ordezkariek jaialdira bertaratzeko dei berezia egin diete Euskal Herri osoko euskaltzaleei. Aurten bildutako dirua Arberoako ikastola eta Senpereko kolegioa laguntzeko izango dela jakinarazi dute. Dupla taldeak egin du Herri Urratseko aurtengo kanta.