Itzulia Debatik igaroko da gaur eta Lasturtik etzi

Berriketan 2025ko api. 10a, 10:46

Kirol probak eragin nabarmena izango du trafikoan

Itzuliaren laugarren etapa jokatuko dute gaur (apirilak 10). 169,6 kilometroko ibilbidea du, eta Beasainen hasi eta Markina-Xemeinen amaituko da. Txirrindulariek zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte, eta bidean hainbat gain igo beharko dituzte.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Ixuakoa (1. kategoriakoa) izango da zalantzarik gabe gaurko mendaterik erabakigarriena. "Han erabaki daiteke etaparen garailea, eta sailkapen orokorrean ere distantziak nabarituko dira". Igoera ez da errepide orokorretik edo Krabelinetik Arraterako igoeratik egingo; aldiz, Matsaria industriagunetik joango da, baserri artean doan eta % 20ko maldak dituen errepide oso estu batetik. 

Proba 13:03an hasiko da eta Mutrikutik helduko da tropela Debara. Jakinarazi dutenez, txirrindulariak ez dira herri barrura sartuko, Urazamendiketik zuzenean abiatuko dira Errotazar aldera. Aurreikuspenen arabera, 16:30 aldera igaroko da lasterketa, Mendarorako bidean.

Elkorrieta gainetik

Munduko txirrindularirik onenak bigarrengoz ikusteko aukera izango da gurean larunbatean (apirilak 12). Eibarren hasi eta bukatuko da 153,6 kilometro izango dituen azken etapa, izan ere, Lasturtik igaroko da.

13:15ean abiatuko dira txirrindulariak Eibarko Untzaga plazatik eta zazpi mendate igo beharko dituzte, tartean 3. mailako Elkorrieta gaina. Mendarotik etorriko da lasterketa eta Sasiola gora hasiko da tropela, Elkorrietarantz; 13:55ak aldera izango da hori.