Palestinaren aurkako genozidioa ozen salatu dute Deban eta Itziarren

Berriketan 2025ko api. 9a, 10:31

Itziarren egindako elkarretaratzea

Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitutako mobilizazio egunarekin bat egin zuten atzo (apirilak 8) debarrek eta itziartarrek.

Herri palestinarraren aldeko aldarria Euskal Herri osoan ozen entzun zen atzo (apirilak 8), baita Deban eta Itziarren ere. Ekimenaren bitartez, palestinar herriaren eta gizartearen aurkako erasoak salatu eta "Palestinako herriari maitasuna eta babesa" helarazi nahi izan zioten bertan bildu ziren herritarrek.

Debako Foruen Plazan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Deba-Palestina Herri Ekimena
 

Iragarrita zegoen bezala, 19:00etan hasi ziren elkarretaratzeak. Debako Foruen Plazan egin zen protestan dozenaka herrikide elkartu ziren Genozidioa stop! Israel hiltzaile, Europa laguntzaile. Gora palestinar erresistentzia! leloa zeraman pankartaren atzean. 

Itziarko Kalebarrenean egindako mobilizazioan, berriz, Lurra. Justizia. Bakea. Genozidioa Stop aldarripean batu ziren. "13 lagun izan ginen, eta ordu-erdi inguruko elkarretaratzea egin genuen", zehaztu dute.