'Irabazi arte!' telesailaren denboraldi berriaren estreinaldia Itziarren eta Deban

Berriketan 2025eko otsailaren 14a

Futbolari gazteen euskarazko fikzio arrakastatsuak 4. denboraldiari ekingo dio otsailean. Hil bukaeran emitituko da telebistan, baina aldez aurretik Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute primizian; tartean, Itziarren eta Deban.

EITBk otsailaren 21ean estreinatuko du Irabazi arte! telesailaren denboraldi berria, baina UEMArekin (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin) duen akordioa dela-eta, Go!azen-ekin egin bezala, lehen atala aste bat lehenago ikusteko aukera emango zaie itziartarrei eta debarrei.

Itziarren gaur (otsailak 14) izango da estreinaldia, Burugorri eraikinean, 18:30ean. Deban, berriz, igandean egingo dute proiekzioa (17:00etan hasiko da, Kultur Elkartean).

Aurreko atalak galdu dituztenek sarean dauzkate ikusgai orain arte emititu diren hiru denboraldiak, EITBren Nahieran plataforman. Ikusteko egin klik hemen.