N-634 errepideko 43. kilometroan lur-jausia izan da gaur (urtarrilak 27) goizean, eta ondorioz, errepidea guztiz itxita geratu da. Duela hilabete eta erdi ere, antzeko gertaera bat jazo zen inguruan; kilometro bat haratago, 42. kilometroan, hain zuzen.
Adierazi dutenez, 05:30ak aldera jazo da gertaera eta, ondorioz, harri eta lur asko jausi da bidera. Bidezaintzako langileek garbiketa lanak egin behar dituzte, eta errepideko segurtasuna bermatu bitartean, bidea itxita mantenduko da; litekeena da galtzadara eroritako materiala jasotzeko lanek hainbat ordu irautea.
Bidea ireki bitartean, Debatik Itziarrera igotzeko San Roke bidea erabiltzeko gomendatu dute, baina nabarmendu dute alternatiba hori ezingo dela erabili alderantzizko bidaia egiteko. Kasu horretan, ostera nahitaez AP-8 autobidetik (Itziarren sartu eta Elgoibarren irtenda) edo Lasturko bidetik (Sasiolatik barrena) egin beharko dela jakinarazi dute.
Itxiera dela eta, bestalde, DB03 (Lekeitio eta Donostia batzen dituen linea) lineako autobusen geltokia aldatu egin dute behin-behinean. Autobusak Hondartza kalean geratu ordez, Debako autobus geltokian geratuko dira.