Euskaltzaleak aktibatu eta saretzeko proposamen berriak aztertuko ditu 'Taupada' euskaltzale mugimenduaren jardunaldiak urtarrilaren 30ean Bilbon

Berriketan 2025ko urt. 23a, 09:31

Bilbao Berrikuntza Faktorian egingo dira jardunaldiak, urtarrilaren 30ean, osteguna, 9:30etik 14:15era. Bertan, euskaltzaleak aktibatzeko proposamen berriak aztertuko dira eta euskalgintza osoari irekia dago hitzordua. Izen-ematea Internet bidez egin behar da (taupamugimendua.eus/taupada/).

2001. urtetik orain arte Topaldia bezala ezagutu dena ezinbesteko hitzordu bihurtu da mugimenduko euskalgintzako eragileen formakuntzarako, elkartrukerako eta hausnarketarako. Jardunaldien helburu nagusia euskaltzaleen mugimenduarentzako interesekoak diren gaien gainean hausnarketa egitea da, baina baita barne gogoetarako tresnak eskaintzea, kanpoko eragileekin eta lagunekin elkartrukerako espazio bat bideratzea edota ezagutza sortu eta partekatzea ere.

Taupada Jardunaldia da Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak berrikuntzarako eta etorkizuneko estrategiak eta ekimenak pentsatzeko baliatzen duen tartea. Ekintza, jarduera eta gogoeta elkarri oso lotuta dauden elementuak dira gainera. Ikuspegi horretatik bideratu nahi izaten da Taupadako egitaraua urtero, norabideari buruzko hausnarketa, esperientzien transmisioa eta bizipenen kontakizuna uztartuz.

Milaka aktibatuko bagina, zertarako gai izango ginateke?

Aurtengo edizioan, sare nazionalez eta tokikoez hitz egingo da, autonomiaz eta interdependentziaz, elkarrekin egin daitekeenaz. Euskarak euskaltzaleak behar ditu, euskararen alde egingo duten herritarrak aktibatzea behar du eta horretarako, antolatu eta saretzeko modu eta proposamen berriak behar dira. Taupada jardunaldietan hainbat galderen inguruan hausnartzea proposatzen da, hala nola  "Zer lortzeko gai ginateke milaka euskaltzale ahaldunduta, aktibatuta eta saretuta bageunde? Zergatik aktibatuko dira milaka euskaltzale? Non aktibatu genitzake euskaltzaleok? Nolako gobernantza eredua beharko luke milaka herritarrez osatutako sareak?".

Galdera horiei erantzuna ematen saiatzeko hainbat hitzaldi eta mahai-inguruz osatutako egitaraua prestatu dute Taupa Euskaltzaleen Mugimendutik:

9:30 Ate irekiera

9:45-10:00 Sarrera

10:00-10:40 Bilkura kolektiboen eta batasun emozionalaren eragina gizarte ongizatean. Jon Zabala Arando | Gizarte Psikologiako doktoregaia eta EHUko “Kultura, Kognizioa eta Emozioa” ikertaldeko kidea.

10:40-11:25 Irakaslegaiak euskararen eragile aktibo: unibertsitatea  esperimentaziorako testuinguru. Letizia García Fernández eta Eneritz Garro Larrañaga | Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea |  Mondragon Unibertsitatea.

11:25-12:00 BIZI Mugimendua: klima-aldaketaren eta injustizia sozialaren aitzinean herritarrak aktibatzen. Xabier Harluxet | BIZI Mugimendua

12:00-12:30 Atsedena

12:30-13:15 NItik GUra: saretze eredu berriak. Igor Ahedo Gurrutxaga | Parte Hartuz Ikerketa Taldea EHU

13:15-14:15 Mahai ingurua: TAUPA Mugimendua | Aktibazio ildo berriari begirada

14:15 Itxiera

Izen-ematea zabalik

Taupadan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea taupamugimendua.eus/taupada/ webgunean. Interesa duen eragile zein norbanako orori dago zuzendua.