Ostiralean, urtarrilaren 3an, 84 urteko emakume bat hil zuten Barakaldon (Bizkaia), eta haren semea atxilotu zuten, hiltzailea delakoan. Horiek hala, Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritan egin bezalaxe, Itziarren ere 2025eko lehen hilketa matxista gaitzesteko manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean.
Itziarko Erasoen Aurkako Taldeak egin du deialdia eta 19:00etarako jarri dute hitzordua, Zabalsoro frontoian. "Aski da, nazkatuta gaude!", nabarmendu dute taldekideek, eta herritarrei mobilizaziora batzeko deia egin diete, "gora borroka feminista" aldarrikatuz.
Debako Udalaren gaitzespena
Debako Udalak ere "gogor salatu" du Barakaldon izandako hilketa eta herritarrei euren gaitzespena agertzeko deia egin die. "Debako Udalak Barakaldon gertatutako erailketa matxistaren aurrean bere gaitzespen gogorrena azaltzen du eta Debako Udalaren jarrera irmoa adierazi nahi dugu, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek", azpimarratu du. Bide batez, biktimaren familiari eta lagunei doluminak eman eta elkartasuna adierazi die udalak.