Badatoz, hutsik egin gabe, Olentzero eta Mari Domingi

Berriketan 2024ko abe. 19a, 11:29

Ate-joka ditugu Gabonak eta gaur (abenduak 19) Olentzero eta Mari Domingi bisitan izan dira Luzaro eskolan; bertan, haurrekin solasean aritzeko eta haien eskutitzak jasotzeko aukera izan dute. Bi protagonistak hilaren 24an izango dira berriz ere Deban eta Itziarren.

Datozen egunotan, garaiotan ohikoak diren hainbat ekimen izango dira aukeran Deban eta Itziarren. Ez dira faltako, besteak beste, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisitak, haurrentzako parkeak, musika emanaldiak, margo erakusketa, umeei zuzendutako txangoak, Errege Magoen kabalgata edota Urte Berriko Azoka.

Gaur, abenduak 19, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita izan dute goiz partean Luzaro eskolako ikasleek. Baina, urtero bezala, hilaren 24an izango dira bi protagonisten etorrera ospatzeko ekitaldi nagusiak. Egun horretan, hain zuzen, Itziarren Gabon eskea egingo dute, 10:30ean. Eta, 18:30ean, Olentzero eta Mari Domingi izango dituzte bisitan goiko eskolan. Deban, berriz, eguerdirako dago aurreikusita bi protagonistei harrera egitea. Plaza Zaharretik 12:00etan abiatu eta Simon Berasaluze plazara joango dira kalejiran; indarrak berreskuratze aldera, gainera, salda eta ogitarteko postua eta azken gutunak eskura emateko aukera ere egongo da gero, Foruen Plazan. Halaber, 13:00etan, kalejiran irtengo dira Aitzuri Abesbatzako kideak.

Askotarikoak izango dira urtarrilaren 6ra bitartean egingo diren hitzorduak; Agendaren atalera jo daiteke egitarauari buruzko informazio gehiagorako.