Bortxaketa bati buruzko albistea gaur, prostituitzera behartutako hainbat emakumeri buruzko berria atzo, eraildako emakume bat titularretan herenegun… Egunero aurkitzen ditugu emakumeen kontrako erasoen berriak, baina, ikusiaren ikusiaz, gero eta gutxiago erreparatzen diegu, gero eta toki txikiagoa hartzen dute hedabideetan, gero eta zarata gutxiago kaleetan. Guztiz normalizatuta dugu emakume langileok gure bizitzetan indarkeria matxista pairatzea.
Baina nola da hori posible Estatuan inoizko gobernurik progresistena daukagunean? Nola da posible Jaurlaritzak milioiak eta milioiak bideratzen baditu publizitate kanpainetara eta gazteak berdintasunean heztera? Hona hemen nire hipotesia: instituzioak ez dira gai indarkeria matxistaren arazoa benetan konpontzeko, baina benetan abilak dira "asko" egiten ari direla irudikatzeko.
"Instituzioak ez dira gai indarkeria matxistaren arazoa benetan konpontzeko, baina benetan abilak dira 'asko' egiten ari direla irudikatzeko"
Horrek dakarrena da belaunaldi berriek (eta ez hain berriek) uste izatea berdintasuna lortu dela. Orduan, nola justifikatzen da oraindik ere erasoak egotea? Gizarteko sektore erreakzionarioenek aitzakia bikaina aurkitu dute emakumeonganako erasoetan haien ideia arrazistak indartzeko (atzerritarrak dira erasotzaileak), bai eta indar errepresibo gehiago behar direla justifikatzeko ere (polizia gehiago, arma gehiagorekin). Baina benetan salbu gaude poliziaren eskuetan, kontuan hartuta askotan haiek beraiek direla erasotzaileak? (Gogora dezagun udan izandako erasoen %15 poliziek egin dituztela).
Panorama horrekin, ez da harritzekoa gizartea etsita egotea, ezin dela ezer egin pentsatzea. Baina ezin dugu etsipenean bizi. Itaiako kideok sinetsita gaude posible dela indarkeria matxista normaltzat jotzen ez den mundu bat, are indarkeria matxistarik gabeko mundu bat. Eta mundu horren oinarriak gaurdanik eraiki behar ditugu. Nola?
- Erasoak desnormalizatu behar ditugu. Egunero erasoak egotea, Euskal Herrian aurten bost emakume erail izana ez da normala, ez da onargarria. Ezin dugu beste alde batera begiratu, guri inoiz gertatuko ez zaigula pentsatuta.
- Emakumeon eta batez ere erasotuen babesa antolatu behar dugu. Ezin gara politikarien erabakien zain gelditu. Instituzioetatik datozen neurriak estetikoak baino ez dira edo, gehienez ere, arazoa neurri oso mugatu batean arintzen dute. Guri dagokigu lehen lerroan jarri eta agente aktibo bilakatuta geure babes antolatua eraikitzea.
- Erasotzaile guztien inpunitatearen aurka borrokatu behar dugu. Ezin diegu utzi gure gorputzetan jasaten dugun indarkeria beren ideia arrazistak hauspotzeko erabiltzen. Erasotzaileen adina, jatorria eta itxura askotarikoak dira; lanean, etxean, kalean erasotzen gaituzte.
Pauso irmoak
Premiazkoa da indarkeria matxista normalizatzeari utzi eta emakumeon zapalkuntza gainditzeko pauso irmoak ematen hastea, eta, bide horretan, indarkeria matxistaren aurka dagoen orori dei egiten diogu gure borrokara batzeko.
Egunero, baina bereziki azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurrean, kaleak har ditzagun!