Hainbat jarduera eta mobilizazio izango dira azaroaren 25aren bueltan Deban eta Itziarren

Berriketan 2024ko aza. 21a, 13:20

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta, horren harira, beste urte batez, ekintza eta mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte Deban nahiz Itziarren.

Deban, adibidez, udalak QR kode bidezko ginkana bat antolatu du 12 urtetik gorako gazteentzat; ekimenari azaroaren 19an eman zioten hasiera, eta hilaren 26ra arte egongo da abian. Gaur (azaroak 21), gainera, Brigada Callejera: Chiapaseko sexu-langileen borroka dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, Kultur Elkartean. Ondoren, Euskal Herriko prostituzioaren errealitateari buruzko solasaldi bat izango da Askabide elkartearen eskutik.

Eta, Debako Udalak antolatutako egitarauari amaiera emateko, azaroaren 28an "haur literaturak berdintasunaren alde duen papera" aztertzen duen Sustraietatik eraldatuz dokumentala aurkeztuko dute Kultur Elkartean (18:00etan); ondoren, solasaldia egongo da Parean Elkartearen eskutik.

Bestalde, DIT Feministak elkarretaratzea deitu du azaroaren 25erako; Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean egingo den aldarrikapen mobilizazioa Foruen Plazan izango da, 19:00etan. 

Hiru hitzordu Itziarren

Itziarren, berriz, hiru jarduera antolatu ditu Itziarko Erasoen Aurkako Taldeak, Itziarko Auzo Udalaren babesarekin. Iragarri dutenez, LHko umeentzat Sketch Sorkuntza izango da Zabalsoro frontoian azaroaren 23an (12:00etan). Izen ematea: 644 71 67 93.

Hilaren 24an, berriz, Itziarren ba al dago genero indarkeria? emanaldia izango da, Andutz Euskal Dantza Taldearekin batera, Burugorri gainean, 18:00etan. Eta azaroaren 25ean manifestazioa egingo dute, Zabalsoro frontoitik 18:00etan abiatuta.