Bi urte eta erdiko lanaren emaitza da diskoa eta, azaldu duenez, Euskal Herria eta Madril artean sortu du, Jimbo Paez ekoizle musikalaren esanetara.
Amaineman 11 abestiz osatuta dago, eta musikari lasturtarrak naturaltzat jotzen dituen bi mundu —elektronika eta trikitixa— uztartu ditu bertan; horien artean daude azken hilabeteetan single gisa kaleratutako abestiak ere. Kantu horietako seitan bakarka ari da, baina gainontzekoetan Antia Muiño galiziarraren eta Greta Ch’aska italiarraren, DJ Rikkiren, Moonshine Wagon eta Ventiuno taldeen kolaborazioa izan du, baita Huntzako lagunena ere.
Bildumako 11 abestiak plataforma digitalen bidez entzungai daude dagoeneko, baina egileak sorpresa bat gorde du diskoa erosten dutenentzat, hamabigarren kanta bat izango baitu formatu analogikoak.