AP-8 autobideko Itziarko sarrera eta irteera itxita egongo dira asteburuan

Berriketan 2024ko urr. 31a, 10:32

Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek zehaztu dutenez, Itziar parean zorua konpontzeko lanak direla eta itxita egongo da autobidea; Bilboko noranzkoan izango da mozketa.

Asteburuan AP-8 autobideko zorua birgaitzeko lanak egingo dituzte Itziar parean. Hori dela eta, Bilborako noranzkoa itxita egongo dela jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldunditik. Zehaztu dutenez, ostiraleko (azaroak 1) 19:00etatik larunbateko (azaroak 2) 19:00ak arte egingo dituzte lanak eta, tarte horretan, zirkulazioa Behobiarako noranzkoan prestatutako bypass-etik desbideratuko dute.

Lanek, gainera, Itziarko lotuneko sarrera eta irteerei ere eragingo dietela esan dute. Iragarri dutenez, itxita egongo dira ostiraleko 19:00etatik larunbateko 09:00etara. Halaber, Bilboko noranzkoan dagoen zerbitzugunerako (gasolindegia eta kafetegia) sarbidea ere itxita egongo da. "Alternatiba gisa, Itziarrera edo Debara doazen ibilgailuek Zestoa-Zumaiako irteera erabili beharko dute eta GI-631 eta N-634 errepideetatik jarraitu. Itziarreko sarbide-irteerak Behobia noranzkoan, eta noranzko horretan dagoen zerbitzugunerako sarbidea irekita egongo dira".