Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin dator laugarren edizioa

Berriketan 2024ko urr. 31a, 10:44

11 eguneko iraupena berreskuratuta, 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa. Elkar mugituz egingo dugu leloa aukeratu dute antolatzaileek eta eraldaketa proposatu dute egiteko moduetan. 

Aurreko astean aurkeztu zuten Iruñean Euskaraldiaren laugarren edizioa eta, bertan, hurrengo hitzorduak izango dituen hainbat xehetasunen berri eman zuten. "Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da Euskaraldia", esanez aurkeztu zuen ariketaren oinarria Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak.

Eta adierazitako horren erakusle, Urkijok esan zuen 320.000 herritar baino gehiago izan direla Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Azaldu zuenez, Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna "aski frogatuta" geratu da edizioz edizio egin izan diren ikerketetan. Hala ere, antolatzaileek gogorarazi dute Euskaraldiak ere badituela bere mugak. “Euskaraldia ez da kanpaina huts bat: ariketa sozial bat da: euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa”.

Reset egin

Bi urtez behin egiteko sortu zuten Euskaraldia 2018an, baina 2022an hirugarren aldia egin ondoren, "hausnartzeko eta indartzeko" tarte zabalagoa hartzea erabaki zuten Euskaraldia sustatzen duten eragileek. Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea proposatu dute: reset egitea, berrabiaraztea, alegia. Izan ere, azken edizioaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da Euskaraldiak berrikuntza behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu; antolatzaileek "ausardiaz eta gogoz" heldu diote erronkari. 

Laugarren edizioaren leloak aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia

Euskaraldia birdefinitzeko une egokia dela uste dute, eta, orain, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" izatea nahi dute. “Ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunetara mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik. Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun arren, zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu”.

Tresna berria

Norabide horretan lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat duteeskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak osatutako gida horretan mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen ditu; herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu.

Irudi aldaketa ere bada berritasunetako bat. Iruditeria berrian, euskarri berrietan, herritarrak erabateko protagonistak dira, asko eta askotarikoak dira, eta mugimenduan daude: hitz egiten, elkarri eragiten, elkar emozionatzen eta elkar mugitzen ikusten dira.

Laugarren edizioaren leloak (elkar mugituz egingo dugu) aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. “Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz”, azpimarratu zuen Urkijok.

Baina jarrerak bakarrik ez, emozioak ere mugitzen ditu Euskaraldiak: “Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik”, nabarmendu zuen Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Ahobizi eta Belarriprest

Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo dute laugarrenean ere, eraginkorra dela sinestuta: partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra jarri dute, txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera. Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: “Nirekin egizu euskaraz, lasai”. 

Martxoan zabalduko da belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko epea

Horrela, azpimarra berezia jarriko da Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaeretan, hala nola lehen hitza euskaraz egitean; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustean (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitean.

Euskaraldian parte hartuko duten herriak dagoeneko hasi dira izena ematen, eta zenbait herritan jada laugarren edizioa irudikatzen hasita daude. Herriekin batera, entitateek ere zabalik dute Euskaraldian izena emateko aukera www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarrek, berriz, udaberrira arte itxaron beharko dute; martxoan zabalduko da belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera.