Espainia mailako Ekoturismoaren Kongresua ospatu zuten aurreko astean Geoparkean. Asteartetik (urriak 22) ostiralera (urriak 25) bitartean egiten zituzten jardunaldiak, eta bertan sektore horretako 200 profesionaletik gora elkartu ziren. "Biltzarrak 214 profesional bildu zituen, gehienak Euskaditik kanpokoak", zehaztu dute Euskal Kostaldeko Geoparkeko iturriek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bertan parte hartu dutenek, besteak beste, bilerak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egin dituzte biltzarraren baitan, "ekoturismoan aurrera egiten jarraitzeko helburuarekin".
Horrekin batera, bisita gidatuak egiteko aukera ere izan dute parte hartzaileek. Lehen bi egunetan, besteak beste, Zumaiako santutegi geologikoa deritzona, Debako Historiaurreko Bailara edota Mutrikuko flysch beltza eta hirigune historikoa ezagutu dituzte. Ostiralean, berriz, Gasteizko Eraztun Berdea ibilbidea egin zuten, eta horrekin eman zioten amaiera jardunaldiari.
Erronka berriak
Biltzarrean parte hartu duten profesionalek hainbat gairi buruz eztabaidatzeko aukera izan dute. Eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, "kongresuaren hasierako hitzaldiei esker ikusi ahal izan da ekoturismoa bultzatzeko estrategiak aurrera egiten duela maila guztietan (estatuan, lurraldean eta eskualdean, Geoparkearen kasuan bezala) eta, sare-lanari, lankidetza publiko-pribatuari eta Europako funtsek ekarri duten eta suposatzen jarraitzen duten motor garrantzitsuari esker, urte askotako lana bizkortzea ahalbidetu dela".
Ondorioak azaldu ondoren, gaiari buruzko hurrengo biltzarra bi urte barru izango dela gogorarazi zuten, baina, bitartean, bertaratutakoei Global Ecotourism Forum-erako gonbidapena egin zieten. Bartzelonan izango da topaketa, 2025eko urriaren 22tik 24ra; bertan, ekoturismoaren bueltan jarduten duten eta mundu osotik etorriko diren mila profesionalek baino gehiagok parte hartzea espero dute.