Herritar talde batek, In Leike kultur elkarteak eta Mendaroko Udalak elkarlanean antolatu dute Txirristaka Kantuz jaialdia, Eusebio MugertzaTxirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurreko kultur-programaren baitan, eta Mutrikuko, Debako, Elgoibarko eta Mendaroko musika eskoletako 125 bat lagunek parte hartu zuten ostiraleko jaialdian. Antonio Zabalak 1974an Auspoa bildumarako idatzi zuen Mendaro Txirristaka bertsolaria liburuko bertso-sortak kantatu zituzten. Kultur programa osatzeko antolatzaileek hasiera-hasieratik konplize izan duten Andoni Egaña bertsolariak 12 bertso-sorta eta beste horrenbeste doinu apartatu zituen Zabalaren liburutik eta sorta horientzako jantzi musikala sortu dute musika eskoletan, hiruna bertso-sorta hartuta bakoitzak.
Debarrek hasi zuten jaialdia. Josu Salegiren zuzendaritzapean irten zen jendaurrera Jazz konboa, eta Bertsolari onak ikusten ditut; Hamalau mila begira eta Hondarribia deritzan ziudadia kantuak interpretatu zituzten. Mutrikuko musikariak eta abesbatza izan ziren jendaurrera irteten hurrengoak. Txistulariak, biolin-joleak eta akordeoi-joleak Alize Armaolea abeslari bakarlariarekin batera irten ziren eta Komeni zaigu erdara bertso-sorta interpretatu zuten. Ondoren, Madalen abesbatzakoek eta trikitilari taldekoek Atsoa eta agurea errietan sorta ekarri zuten, eta azkenik folk taldekoek eta abesbatzakoek Joxepa Antoni, badezu garaia. Mutrikukoen atzetik Elgoibarko artistak batu ziren oholtza inprobisatura. Elias Toledo eta Silvia Hernandezen zuzendaritzapean aritu ziren Gaztenahia abesbatzakoak eta BetiSua txarangakoak, eta hauek ere hiru kantu eskaini zituzten: Inori gorrotorik izan gabekoa; Bestiengandik arrotzak eta Baratza on bat zen Euskal Herria.
Etxekoek itxi zuten jaialdia, Ameikutz musika eskolakoek. Juan Arriola zuzendariaren zuzendaritzapean aritu ziren hiru talde. Folk taldeak Ote, txilar, elorri interpretatu zuen, Abesbatzakoek eta txistulariek Burutik orporaino eta azkenik abesbatzak eta BiziPoza txarangak Batere sorgin beldurrik gabe. Bukaeran txalo zaparrada handi batekin hartu zituen publikoak artista guztiak eta antolatzaile lanetan jardun diren guztien izenean, Ainara Argoitia In Leike Kultur elkarteko kideak eskerrak eman zizkien jaialdira batu ziren musikari guztiei, bai eta Goazen antzerki taldekoei eta Hamahiru Soinu taldekoei ere, soinu eta argiztapen lanengatik eta frontoia atontzen emandako laguntzagatik. Era berean, antolatzaile taldekoen izenean, Andoni Riaño musikari mendaroarrak oroigarri bana eman zien jaialdian parte hartu zuten musika eskoletako ordezkariei, Josu Salegiri, Silvia Hernandezi, Juan Arriolari eta Mari Juli Iriondori.
Jaialdi amaieran gogoratu zuten azaroaren 6an aurkeztuko dutela Txirristaka liburua, Andoni Egañak idatzi eta Ainara Azpiazu Axpik ilustratu duena, eta aurreratu zuten abenduaren 15erako kantu bazkaria antolatu dutela.