Kanala Jatetxea: "Energiaren %20a eskuratzen dugu eguzki-plaketatik"

BABESTUTAKO ALBISTEA 2024ko urr. 28a, 09:00

Eguzki-plakak Itziarko Kanala Jatetxean. Argazkia: DKT.

Duela bi hilabete, plaka-fotovoltaikoak ezarri dituzte Itziarko Kanala jatetxean. Guztira, 38 plaka ezarri dituzte, teilatuaren alde bietan. Jatetxeko arduradun Alberto Sanchezek eta Marian Garciak azaldu dute prozesua nolakoa izan den. 

Zein izan da arrazoia eguzki-plakak ezartzeko?

Jatetxean argindar asko kontsumitzen dugu, batez ere, labeetan eta garbiketa lerroan. Duela hilabete batzuk, Ukrainan gerra hasi ostean, faktura handiak iritsi zitzaizkigun, bai argindarrarenak eta baita gasarenak ere. Orduan, jarri ginen pentsatzen lehenago edo beranduago bilatu beharko genuela energia iturri berriztagarriren bat. Eta horretan geundela, iritsi zitzaigun proposamena Debegesaren bitartez. Hainbat sistema aztertu eta gero, aerotermia, geotermia eta abar, ikusi genuen eguzki-plaken inbertsioa ez zela horrenbestekoa eta gainera bazirela laguntzak Europako Next Generation programaren eskutik. Hori ikusita, erabaki genuen aurrera egitea. 

Zenbatekoa izan da inbertsioa? 

24.000 euro ingurukoa. Laguntzetatik, berriz, 5.000 euro inguru jasoko ditugu eta aurreikusten duguna da zazpi bat urtean inbertsioa amortizatuta izatea eta hamar urtetik aurrera irabaziren bat izatea. Izan ere, momentu batzuetan, argindar soberakina sortzen da eta soberakin hori argindar sare orokorrera saltzen dugu, gure kasuan, Iberdrolaren bitartez. Hortik ere diru kopuru bat jasoko dugu baina hori oraindik ez dakigu zenbat izango den zehazki, prezioa negoziatu barik daukagu eta.  

Nolakoa izan da prozesua?

Enpresa batekin jarri ginen harremanetan eta beraiek egin ziguten estudio guztia, kalkulatu zuten zenbateko aurrezpena lortuko genuen eta abar. Ondoren, instalazioa ere eurek egin dute. Adibidez, guk, kontsumo handia daukagunez ez dugu akumuladorerik eta halakorik ezarri behar izan, plakek sortzen duten guztia kontsumitzen dugulako.

Momentu honetan, zenbat indar eskuratzen duzue plaka-fotovoltaikoetatik?

Momentu honetan, 38 eguzki-plaka (15,64 kWp) eta haiei esker, jatetxean kontsumitzen dugun argindarraren %20a eskuratzen dugu. Sukaldeko kamarak eta elektrogailu gehienek plaketatik datorren indarrarekin funtzionatzen dute. 

Zein balorazio egiten duzue? 

Oso ona. Alderdi ekonomikoaz gain, guk nahi dugu kontsumitzen dugun energia berriztagarria izatea, ingurumenari ahalik eta inpakturik txikiena eragiteko. Gustura gaude eman dugun pausoarekin.