Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurreneko ekintzen barruan, Txirristaka Kantuz jaialdia antolatu dute Mendaron urriaren 25erako In Leike kultur elkarteak, herritar talde batek eta udalak, eskualdeko lau musika eskolekin (Mutriku, Deba, Elgoibar eta Mendaro) lankidetzan.
Propio aukeratu dituzte lau herri horietako musika eskolak antolatzaileek, Txirristaka bizi izan zen garaian Mendaroko lurrak lau udalerri horietako parte izan zirelako. Musika eskola bakoitzari Txirristakaren hiru-launa bertso-sorta banatu zizkieten orain urtebete inguru eta sorta horientzako jantzi musikala sortu dute musika eskoletako ikasleek jaialdirako, estilo, erritmo eta instrumentazio librean. Bukaeran, parte-hartzaile guztientzako mokadua egongo dela ere iragarri dute antolatzaileek.
Txirristaka liburua
Martxoan hasi zituzten Mendaron Txirristaka Urteko ospakizunak. Bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa sustatzeko, Txirristaka Bertsopaper lehiaketa antolatu zuten martxoan, urtero errepikatu asmo dutena aurrerantzean, eta ekainean, bertsoa eta antzerkia uztartu zituen ikuskizun berezia egin zuten kalez kale, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak lagun hartuta. Urriaren 25erako iragarri duten jaialdia izango da urteurreneko hirugarren ekintza nagusia, baina ez azkena. Izan ere, azaroan dute aurkeztekoa, ondo bidean, haurrentzako Txirristaka liburua. Andoni Egaña bertsolariak idatzi du liburua eta Ainara Azpiazu Axpik ilustratu. Eusebio Mugertza Txirristakak badu bere liburua, Antonio Zabalak 1974an Auspoa bildumarako idatzitakoa (irakurri HEMEN), eta liburu hartan aipatzen diren datu biografikoetan oinarrituta idatzi du haurrentzako liburua Egañak, baina asmatutako beste datu batzuk eta berea duen umorea gehituta.
Azaroan izango da hori, azken ordukorik ezean, eta abenduaren 15erako, kantu bazkaria iragarri dute. Egun horretan jaio zen Mendaroko bertso jartzaile handia, eta oroitzeko, bertso jarrien saioa antolatu dute Eñaut eta Unai Agirre anaiekin. Aizpe elkartean izango da bazkaria, eta antolatzaileek aurreratu dute aurrerako jakinaraziko dutela noiz eta non eman beharko den izena bazkaritarako.