Top Gaztea zerrendaren gorenean dago Süneren 'Txitxarro' abestia

Berriketan 2024ko urr. 15a, 10:01

Gaztea irratiko abestien zerrendan jauzia egin du musikagile lasturtarrak Txitxarro kantarekin: entzuleen botoei esker, lehen postua eskuratu du aste honetan.

Huntza taldearen ibilbide arrakastatsua atzean lagata, Josune Arakistain Süne-k bakarkako ibilbideari ekin dio, eta trikitia ardatz hartuta elektronikaren munduan dihardu azkenaldian.

Abuztuan aurkeztu zuen Txitxarro abestia. "Hemen duzue bi Euskal Herriak batzen dituen kanta, plazak eta diskotekak uztartzen dituena… Lasturko plaza eta Txitxarro», zioen lanarekin batera musikagileak sare sozialetan zabaldu zuen mezuak.

Gaztea irratiko Top Gaztea zerrendako bigarren postuan zegoen joan den astean, baina entzuleen botoei esker lehen postua eskuratu du abestiak aste honetan.