Geoaltxorraren bila izeneko lehiaketa abiatuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak igandean, urriaren 6an, ospatuko den Geodibertsitatearen Nazioarteko Egunaren harira. Urriaren 6tik 20ra bitartean egingo dute ekimena eta Geoaching izeneko programa baten bidez, Geoparkean dauden zortzi altxor geologiko bisitatzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak zein bisitariak. Parte hartzen dutenek sariak jaso ahal izango dituztela ere gaineratu dute antolatzaileek.
Geologia Interesguneak (GIG) izenarekin ezagutzen dira altxor horiek. Euskal Kostaldeko Geoparkean egindako GIGen inbentarioaren arabera, balio zientifiko handieneko 65 gune daude bertan.
Parte hartzeko jarraibideak
Aisialdia eta teknologia uztartzen dituen Geoaltxorraren bila jokoak GIG inbentarioaren zortzi interesgune ezagutaraztea du helburu. Antolatzaileen esanetan, "jokoak proposatzen dituen toki gehienetara oinez iristea erraza da, baina esfortzu zertxobait handiagoa eskatzen duten beste bi ‘altxor’ ere proposatu ditugu, eta horiek sari potoloagoa izango dute".
Jokoan parte hartu nahi dutenek "zapata egokiak jantzi" eta ondoko urratsak jarraitu beharko dituztela azaldu dute:
- Urriaren 6an hasi eta 13ra bitartean, egunero Geoparkearen sare sozialen bidez koordenada bat argitaratuko dute (Instagram, X, Facebook).
- Emandako koordenada hori norbere gailuan sartu eta puntu horretara joan.
- Han, Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna esaldiarekin identifikatutako QR kodea bilatu (inguruko informazio panel edo seinale batetik hurbil egongo da beti).
- QR kodea erabiliz, puntuari buruzko fitxa zabaldu eta arretaz irakurri.
- Fitxaren bukaerako galderari erantzun eta Geoparkeko kideekin harremanetan jartzeko jarraibideei kasu egin.
Parte hartzen dutenen artean sari batzuk zozkatuko dituzte:
- 1. kategoria (erantzun bat edo beste bidaltzen dutenen artean): Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua.
- 2. kategoria (jokoaren sei erantzunak bidaltzen dituztenen artean): Liburua + Geoparkeko bisita gidatua bi lagunentzat.
- 3. kategoria (6+2 erantzunak bidaltzen dituztenen artean): Liburua + Geoparkeko bisita gidatua bi lagunentzat + tokiko produktuen GeoGourmet saskia.
Jokoa urriaren 20an emango dute bukatutzat, eta orduan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. Informazio gehiago esteka honetan.