ELKARRIZKETA

Aitor Huergo: “Zuzenekoekin gozatzen, sortzen eta musika ikasten jarraitu nahiko nuke, inolako presarik gabe”

Berriketan 2024ko urr. 14a, 09:45

Musika irakaslea da ogibidez eta bere denbora librearen zati bat ere musikagintzari eskaintzen dio Aitor Huergok (Bilbo, 1977); bi disko plazaratu ditu, besteak beste, dagoeneko. Jaiotzez bilbotarra da, baina Endoia auzoko Beliosoro Goikoa baserrian bizi da 2007az geroztik. Irakasle dihardu gaur egun Mendata institutuan. 

Ume-umetatik gustatu izan zaio abestea eta, laburbildu duenez, ez du bizitza musikarik gabe ulertzen. Gitarra lagun, aspaldi hasi zen bere lehen abestiak sortzen, baina aitortzen du bai lanagatik, bai familiagatik... musika beti geratzen zela eremu intimoan. Duela urte batzuk, ordea, goitik beherako aldaketa bat egin eta "modu serioago batean" murgildu zen sormen lanean. Horren ondorio dira Unai Mimenza txikitako lagunarekin etxean bertan bakarka grabatu dituen bi diskoak.

Noiztik datorkizu musikarekiko zaletasuna? Txikitatik gustatu izan zaizu?
Ez naiz umetatik musika eskolara joan den horietako bat izan, baina musika barru-barrutik bizi izan dut beti. Argi nuen musikan aritu nahi nuela eta ahal nuen bakoitzean nire kabuz sortzen nituen abestiak. Institutuko garaian, adibidez, gitarra ikasten hasi nintzen; ohiko metodo tradizionalez harago, bestelako bide batzuk ere bazeudela ikusi nuen eta musika horrela ikastea askoz erakargarriagoa iruditu zitzaidan. Gero Musika Hezkuntza ikasi nuen eta ondorengo ia hogei urteetan musika irakasten aritu nintzen.

Musika eskolak emateaz gain, hurrengo urteetan zer harreman izan zenuen musikagintzarekin?
Noizean behin lagun batzuekin elkartu eta zerbait jotzeko geratzen ginen, baina lanez gainezka ibiltzen nintzenez, ez neukan ezer formalik egiteko aukerarik; musika eremu pribatuan bakarrik mantentzen nuen zerbait bihurtu zen.

Nolatan eman zenuen esparru pribatu horretatik publikora ateratzeko pausoa?
Beti izan dut talde bat sortzeko gogoa, baina lanarekin, familiarekin... ez zen posible izan amets hori betetzea. Abiapuntua lagun batek esandakoa izan zen, kanta propioak idazten hastea iradoki baitzidan. Garai hartan oso lanpetuta nenbilen eta etxean bi haur txiki genituen, beste hainbat ardura edukitzeaz gain. Egia esan, ez nion inoiz nire buruari planteatu lagun hark proposatu edo iradoki zidana; ez nuen uste sortzeko gai nintzenik. Izan ere, abestiak idazten hasten nintzen, baina kanta haiek han gelditzen ziren, nonbait ezkutatuta, partekatu gabe.

“Buruan nuen guztia egiteko gai nintzela ikusi nuen; denbora kontua zen dena, eta ez gaitasun kontua”


Eta noiz egin zenuen jauzia?
40 urte bete nituenean (2017an) eman nuen jauzi hori; une hartan erabaki nuen nerabezaro garaian neukan pasio hari berriz ekitea. Diotenez, adin horrekin "40 urteko krisia" deritzona pairatzen omen dugu eta... nolakoak diren gauzak; krisi horrek musikara gogotsuago eta indartsuago itzultzen lagundu zidan. Buruan nuen guztia egiteko gai nintzela ikusi nuen; denbora kontua zen dena, eta ez gaitasun kontua. Hori ikusirik, ordura arte irakasle lanetan ari nintzen Bilboko eskolan eszedentzia eskatzea erabaki nuen eta, ondoren, ordezkoen esleipenetan, Azpeitian musika irakasle jardutea egokitu zitzaidan; hori 2018an izan zen.

Zer garrantzi izan du norabide aldaketa horrek zure musika ibilbidean?
Oso aberatsa izan zen. Azpeitian, adibidez, Iosu Azkue ezagutu nuen eta hark Mainlander rock taldearen entsegu batzuetara gonbidatu ninduen; proiektua asko gustatu zitzaidan eta taldean ere ibili nintzen.

Eta zer gertatu zen bakarkako lan edo proiektuarekin?
Bakarkako proiektua eta taldearena aldi berean uztartzeko aukera izan nuen. Gainera, 2022a oso urte emankorra izan zen niretzat, bi disko grabatu ahal izan bainituen: bata bakarka (Barruko paisaiak, autoekoiztua), eta bestea Mainlander taldearekin (Mainlander, Gaztelupeko Hotsak).

Nolakoa da 'Barruko paisaiak' diskoa?
Oso lan berezia eta intimoa da, barru-barrutik egindakoa eta, izenburuak dioen bezala, horrela mantendu nahiko nuke. Lan hori zuzenean edo nire Bandcamp orrialdean bakarrik aurkitu daiteke; hau da, ez dago streaming plataformetan. Kanta horiek entzun nahi dituenak, beraz, nolabaiteko ahalegina egin beharko du.

Berriki kaleratu duzu zure bigarren bakarkako lana: 'Ganbarako doinuak' (autoekoiztua). Zer desberdintasun dauzka disko berriak?
Atzera begiratuz gero, bigarren lan hau zentzu guztietan irekiagoa dela esango nuke. Eboluzionatu egin dut musikalki eta hobekuntza prozesu bat izan da. Nire ustez, hain zuzen, diskoa hazte prozesu horren emaitza edo isla da. Baina ez hori bakarrik. Aurrekoan ez bezala, oraingoan lan berria mundura zabaltzeko gogoa izan dut; diskoa streaming plataforma guztietan aurki daiteke, baita Arkatza liburu-dendan ere.

Bestelakoa da soinuari dagokionean ere, ezta?
Aurrekoaren esentzia bera baldin badu ere, guztiz desberdina da. Barruko paisaiak oso biluzia eta intimoa da, nik hala nahi izan dudalako, eta Ganbarako doinuak lagun artean osatu dut, instrumentalizazioarekin jantzita. Aurreko ikasturtean Debako institutuan lankide izan nituen Aitor Erkizia (klarinetea) eta Agate Amilibia (biolontxeloa) proiektuan parte hartzeko prest azaldu ziren. Oso proiektu bizia izan da hasieratik eta, aurrera egin ahala, are biziago bihurtu da. Adrian Larrañaga nire perkusio irakasleak ere lanaren berri izan zuen eta lagundu egingo zidala esan zidan. Sekulakoa iruditu zitzaidan irakasle batek hori esatea, eta garrantzi handia eman nien bere hitzei. Era berean, Josu Salegi musikari debarra ere ezaguna nuen blues tailerretik eta hura ere animatu zen pare bat abestitan saxofoia jotzera. Eta, gainera, hiru abestitan Mikel Markezen kolaborazioa ere izan dugu; horietako bitan (Zabala 29, barrio de currelas eta Willi balea) nabarmen entzuten da bere ahotsa eta bestean (Lorea beti lore) koruak egiten ditu.

“Atzera begiratuz gero, bigarren lan hau ('Ganbarako doinuak') zentzu guztietan irekiagoa dela esango nuke"

Zer transmititu nahi izan duzu azken lan hau osatzen duten abestietan?
Abiapuntua nire bizipenak eta gertuko pertsonenak izan dira, baina bizipen horiek pertsonalak diren arren, esango nuke abestietan irudikatu nahi izan ditudan sentsazioak eta emozioak unibertsalak direla. 

Nola entzun beharko litzateke diskoa? Gomendiorik bai?
Gaur egun, banaka entzun daitezke abestiak, baina niretzat oso garrantzitsua da ordena jarraitzea. Patxadaz egoteko denbora bat hartu, diskoa jarri eta doinuei barneratzen uztea da nire gomendioa. 

Etorkizunera begira, zer proiektu dauzkazu?
Hirugarren diskoa izan daitekeenaren abestien zirriborroak idazten eta lantzen hasita nago. Dena dela, horrek luze joko du. Izan ere, kaleratu berri dugun bigarren lan hori aurkezteko zuzenekoekin gozatzen, sortzen eta musika ikasten jarraitu nahiko nuke, inolako presarik gabe.