Agurtzen-Ikasten Esperientzia Eskolak Duintasunez hiltzeko eskubidea. Aurretiazko borondateak izenburuko hitzaldia antolatu du biharko (irailak 26). 18:30ean izango da saioa Eibarko Portalea eraikineko areto nagusian, eta antolatzaileek Duintasunez Hiltzeko Eskubidea Euskadi elkarteko kideak gonbidatu dituzte gaiari buruzko azalpenak ematera.
Ikastenekoek azaldu dutenez, bizitza on bat izatea da pertsona guztion helburua, eta uste dute ongi bizitzea eta ongi hiltzea lotuta daudela. "Heriotzaren gaia oraindik tabua den arren, gero eta gehiago gara duintasunez hiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugunak. Aurretiazko borondateen dokumentua, bizi-testamentua ere esaten zaiona, bide hori errazten digun tresna da. Konturatu gara gure inguruko jendeak zalantza asko dituela dokumentu honen inguruan: zer dakarren, nola bete behar den, non entregatu behar den eta abar, eta informazio-kanal ofizialak gainezka daude eta ez da erraza horietara iristea".