Azken urteetan moduan, bi modalitatetan parte hartzeko aukera izango da, Abentura eta Familia raidetan. Lehena bikoteka osatu beharko da eta zazpi orduko muga izango dute parte-hartzaileek proba bukatzeko. Familia Raida, aldiz, bi eta bost pertsona arteko taldetan jokatuko dute (horietatik bat, gutxienez, adinez nagusikoa), eta proba bereziak osatu beharko dituzte bidean.
Antolatzaileek argitu dituzte probaren nondik norako batzuk ere. Proba nagusia, abentura proba deitzen diotena, trekking ikusgarri batekin hasiko dute Aittola, Xoxote eta Erlo inguruetan, 10:00etan. Ibilbide guztia osatzen duten bikoteek 19 kilometro (1400 metroko desnibel positiboa) egingo dituzte eta eskalada eta norabideetan oinarritutako orientazio proba bereziak ere gainditu beharko dituzte.
Ondoren, mendiko bizikleta hartu eta Irukurutzeta eta Karakate inguruetan barrena ibiliko dira, bide gogor eta tarteka zailtasun tekniko handiko zatietan. 27,5 kilometroko ibilbidea (975 m+) osatuko dute BTTan. Bigarren BTT ibilbide bat ere egongo da aukeran, trekkinga lasaitasun handiagoz egin nahi dutenentzako edo mendiko bizikletan denbora gutxiago aritu nahi dutenentzako, apenas izango baitu desnibel positiborik. Edozein kasutan, proba 17:00etan amaituko da.
Familia raida
Familia raida 11:00etan hasiko da Aittolako aparkalekutik, eta 13:30ean bukatuko da leku berean. Oinez edo korrika txikian, 8,5 kilometroko ibilbidean sakabanatuta dauden balizak jaso beharko dituzte paraje ikusgarrietan. Tarteka proba berezietan hartuko dute parte; besteak beste, memorian oinarritutako orientazioa, slackline-a, orga jokoa, eskalada eta norabideetan oinarritutako orientazioa, hain zuzen ere. Guztira 425 metro positiboko desnibela izango da, baina ez da nahitaezkoa ibilbide guztia osatzea, norberak bere indarren arabera moldatu ahal izango baitu ibilbidea.