Pentsioen osagarria eskatzeko Herri Ekimen Legegilea

Ubane Madera - Plaentxia.eus 2024ko ira. 18a, 10:34

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko du Legebiltzarrean, pentsio guztiak gutxienez 1.080 eurorainokoak izan daitezela bermatzeko beharrezko diru-osagarria eskatzen duena. Gogorarazi dute sei urtean dabiltzala hori eskatzen, 150 udalen babesa dutela eta badela ordua “Legebiltzarrean dauden alderdi politiko guztiek pauso bat aurrera eman eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko”. Irailaren 26an aurkeztuko diote ekimena Legebiltzarrari.

Orain dela sei urte, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko protestak hasi zituzten pentsiodunen mugimenduek, tartean Deba-Itziarkoak.

Aldarrikapen hori Espainiako Gobernutik ez dela lortzen ikusita baina ezinbestekoa dela iritzita, aurrerantzean, Legebiltzarrean jarriko du iparra Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko du EAEko bizilagunen gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izan daitezela bermatuko duen osagarria eskatzeko.

"Genero-arrakala murriztu"

Ordezkariek adierazi dutenez, eskatuko duten osagarria “egiturazkoa” da, “ez puntuala edo aldi baterakoa”. Azpimarratu dute “pentsiodunaren eskubidea” dela, “bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek mugatzen ez dutena”. 

Eta gaineratutakoaren arabera, “osagarri horrek ez du lan egiteko ezinduta dagoen pentsioduna kanpoan uzten, ezta kotizaziopeko eta kotizazio gabeko pentsioa jasotzen duen pentsioduna ere. Osagarri horrek genero-arrakala murrizten laguntzen du, bertan sartzen baitira pentsioa eskuratzeko garaian ugalketa- eta zaintza-lanetan lan egindako urteak aitortuta ez dituzten emakumeak”.

Herri Ekimen Legegilea irailaren 26an, osteguna, aurkeztuko dute Legebiltzarrean eta haren bueltan, elkarretaratzea deitu dute egun berean Legebiltzarraren aurrean, 11:00etan, “aurkezpenari babesa emateko”.