Egun bat besterik ez da geratzen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari hasiera emateko. Bihar (irailak 14) Urretxun izango da txapelketaren lehen saioa eta biharamunean (irailak 15) Lasarte-Orian jokatuko dute bigarrena. Antton Aizpurua debarra eta Aitor Zubikarai itziartarra ere asteburu honetan hasiko dira lehiatzen.
Antton Aizpuruak bihar izango du saioa, txapelketaren lehen saioan, Urretxuko Labeaga aretoan; Andoni Rekondo, Ane Zuazubizkar, Jon Gurrutxaga, Mikel Iturriotz eta Unai Mendizabal dira saioan lagun izango dituen beste bost bertsolariak. Aitor Zubikarairen txanda, berriz, igandean izango da. Lasarte-Oriako final-zortzirenetan, Amaia Iturriotz, Aner Peritz Euzkitze, Iñigo Mantzisidor, Manu Goiogana eta Oier Etxeberria izango ditu Manuel Lekuona kultur etxeko oholtzan bertsokide.
17:00etan izango dira saio biak eta sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai. Sarrerarik geratuko balitz, saioaren egunean bertan aretoko txarteldegietan ere jarriko dituzte salgai. Gogorarazi dutenez, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.