Ireki dute 'Gure Balioak' 2024 Sarietarako hautagaitzak bidaltzeko epea

Berriketan 2024ko ira. 11a, 10:30

Julen Zabaleta 2018ko Gure Balioak saria jasotzen Mallabiko pilotalekuan.

Aurten, berrikuntza gisa, 'Bizi osoko ibilbidea' kategoriaz gain, beste bi iniziatiba ere sarituko dira: 'Gazte ekimena' eta 'Gizarte ekimena'. Bi kategoria horietako irabazleek 2.000€-ko sari bana jasoko dute, Laboral Kutxa eta Orbea enpresen laguntzari esker. Hautagaitzak bidaltzeko epea zabalik dago urriaren 11ra arte.

Bueltan dira, berriz, “Gure Balioak” Sariak Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren eskutik. Bi urtetik behin antolatzen ziren arren, azken edizioa 2019an egin zen eta harrezkero, pandemiaren ostean, etenda egon da ekimena. Aurten berriz antolatuko dituzte eta dagoeneko zabaldu dute 11. edizioa izango denerako hautagaitzak proposatzeko epea. Hala, gaur hasita, sarietan parte hartu nahi duen edota hautagai izan daitekeen norbait ezagutzen duen edonork jada aurkez dezake bere proposamena.

Hiru sari 

Aurten, berrikuntza gisa, hiru kategoria sarituko dituzte. Orain arteko “Bizitza osoko ibilbidea” kategoria eta beste bi:  “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena”.

Orain arte bezala, sariaren helburu nagusia Debabarrenean “gizarte-balioak sustatzea” da eta “balio horien egoerari eta premiari buruzko hausnarketa sortzea herritarrengan eta gizarte-eragileengan”. Hain zuzen, horretarako, eskualdean aipatutako balioak ordezkatu dituen pertsona bat sarituko dute eta bere ibilbidea ezagutarazi. Aurten, sarituak Oihane Ortega artistaren “Muin-fluxua” obra jasoko du, Laboral Kutxaren babesarekin.  

11. edizio honetan, Debabarreneko gazte ekintzaileak eta gizarte-erakunde berritzaileak ere sarituko dituzte “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena” kategorien bitartez. Lehenak enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartzea eta babestea du xede. Bigarrenak, aldiz, 2024an elkartasun-helburuekin loturik, gizartean eragin positibo esanguratsua izan duten proiektu berritzaile eta iraunkorrak garatu dituzten gizarte-erakundeak aitortu nahi ditu. Batak zein besteak 2.000 euroko sari bana jasoko dute, Laboral Kutxa eta Orbea enpresen laguntzari esker. 

Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik

Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik egongo da urriaren 11ra bitartean. Horretarako, Debegesaren web orrian (www.debegesa.eus) eskura dagoen kategoria bakoitzaren formularioa bete behar da. Nolanahi ere, arazo edota zalantzaren bat izanez gero, marketing@debegesa.eus helbidera idatzi edota 943 82 01 10 telefonora deitu daiteke.