Kafe kapsulentzako 11 edukiontzi berri jarriko dituzte eskualdeko minigarbiguneen ondoan, irisgarritasuna hobetzeko eta hondakin horiek birziklatzea sustatzeko helburuarekin. Gogorarazi dutenez, bestalde, minigarbiguneetan etxeko hondakin arriskutsuak uzten jarraitu ahal izango da, hala nola pintura pote txikiak, aerosolak, pilak, erradiografiak, eta arriskutsuak ez diren hondakinak (CDSak eta DVDak, adibidez).
Urte hasieratik ekainera bitarte, 6.292 kg kafe kapsula eta 24.991 kg sukaldeko olio jaso dira eskualdean. "Ahalegin horrek, beraz, agerian uzten du komunitateak birziklatzearekin eta hondakinen kudeaketa egokiarekin duen konpromisoa", nabarmendu dute Mankomunitateko kideek. Bildutako kafe kapsulak Gipuzkoako Alegi herrian Ekograsek duen lantegira eramaten dira; sukaldeko olio erabilia, berriz, Nafarroako birziklatze planta batera bidaltzen dute.
56 edukiontzi
Mankomunitateak 2021eko martxoan jarri zuen abian minigarbiguneetan kafe kapsulak biltzeko zerbitzua, Nestle enpresarekin sinatutako hitzarmen bati esker.
2022an 5.325 kg kapsula jaso zirela ikusita, eta herritarrei kapsulak behar bezala bereizteko lana errazte aldera, eskualdean 45 edukiontzi berri jartzea erabaki zuen Mankomunitateak, kafe kapsulak soilik jasotzeko. Eta orain jakinarazi dutenez, aurrerantzean Debabarreneko herritarrek guztira 56 edukiontzi izango dituzte eskura.
Horiek hala, Mankomunitateak hondakin horiek modu aktiboan bereiztera animatu nahi ditu herritarrak. "Sukaldeko olioa eta kafe kapsulak behar bezala kudeatzea funtsezkoa da ingurumena babesteko, kutsadura murrizten eta iraunkortasuna sustatzen laguntzen baitu. Gainera, hondakin horiek behar bezala bereizteak kostuak murrizten laguntzen du, komunitate osoari onura egiteaz gain".