Espainia mailako VII. Ekoturismoaren Kongresuaren antolatzaileak hasita daude jada urrian Zumaian egingo den hitzordua prestatzen. Irailaren 3an zabalduko dute izena emateko epea eta, zehaztu dutenez, aurrez izena emateko formularioa data horretatik aurrera egongo da eskuragarri.
Urriaren 22tik 24ra egingo da kongresua eta, iragarri dutenez, bertan 200 profesional bilduko dira "estrategiak aztertzeko, ezagutzak partekatzeko eta Espainiako ekoturismoaren orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko". Antolatzaileek ohartarazi dute izena emateko datari adi egoteko, aurreko edizioetan plazak aste gutxiren buruan agortu baitziren.
Izen-ematearen xehetasunen berri ematearekin batera, kongresuaren egitaraua ere "oso aurreratuta" dagoela esan dute; interesa dutenek hitzordua iragartzeko webgunean aurkituko dute programazioari buruzko informazio guztia. "Programaren aurrerapenei, hizlariei eta izen-emate prozesuari buruzko xehetasun gehiago nahi izanez gero, kongresuaren webgunea bisitatzera gonbidatzen zaituztegu, eta berrikuntzak Facebook, Instagram eta X bidez jarraitzera".