Kontzeju etxean egiten ari diren birgaitze lanen eraginez, egitaraua moldatu egin behar izan dutela adierazi dute antolatzaileek. Hori dela eta, espazio aldaketa batzuk gauzatu behar izan dituzte. Arratsaldeetako jarduerak, esaterako, Zabalsoro frontoian egingo dituzte eta gaueko erromeriak eta kontzertuak, berriz, plazan egingo dituzte.
[Ikusi HEMEN egitaraua]
Berritasunen artean, gainera, sokamuturra kaleetan zehar egingo dela iragarri dute. "Burugorri aurretik Prozesio kale osoan zehar izango da eta Erronda kaletik Mutxiarteko aldapa hartuko ditu. Ibilbide osoan hesiak jarrita egongo dira eta ikusleek hesiaren atzealdetik ikusi beharko dute". Gogorarazi dute parte hartzaileak 16 urtetik gorakoak izan behar direla eta derrigorrezkoa dela sokamuturra egingo den kaleetan ibilgailurik ez egotea. "Sokamuturrik ez dagoen bitartean, kale hauetan zehar autoz pasa ahal izango da, baina, sokamuturra dagoen bitartean, itxita egongo dira".
Sarrerak eta autobusak
Abuztuaren 4ko kontzerturako eta abuztuaren 5eko herri bazkarirako sarrerak beharko direla ere jakinarazi dute. Niko Etxart eta Hapa-Hapa taldearen kontzerturako sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira; plazan izango dira salgai, 5 euroren truke. Herriko bazkarirako tiketak, bestalde, Burugorri Ostatuan eta Gure Dendan egongo dira salgai; gaur (abuztuak 1) da horiek erosteko azken eguna.
[Ikusi HEMEN egitaraua]
Larunbat (abuztuak 3) eta asteazken (abuztuak 7) gauean, gainera, jaietara joateko autobus zerbitzu berezia egongo da. Honakoa da ordutegia:
DEBA | ITZIAR | ZUMAIA |
22:00 | 22:15 | 22:30 |
23:30 | 23:45 | 00:00 |
01:00 | 01:15 | 01:30 |
02:30 | 02:45 | 03:00 |
04:00 | 04:15 | 04:30 |
ZUMAIA | ITZIAR | DEBA |
22:30 | 22:45 | 23:00 |
00:00 | 00:15 | 00:30 |
01:30 | 01:45 | 02:00 |
03:00 | 03:15 | 03:30 |
04:30 | 04:45 | 05:00 |