Osakidetzak atzo (ekainak 30) eguerdian jakinarazi zuen Mendaroko Ospitaleko larrialdi zerbitzuak "bete-betean" ziharduela lanean goizeko 10:30etik. Bide batez, eskerrak eman dizkie ospitaleko profesional guztiei, bezperako egoeraren aurrean erakutsitako "prestasunagatik eta egindako ahaleginagatik". Eta, era berean, esker oneko hitzak izan dituzte pazienteentzat ere, "eragozpenen aurrean izan zuten jarrera onagatik eta eskuzabaltasunagatik".
Herenegun itxi egin behar izan zuten Mendaroko Ospitaleko larrialdi zerbitzua, euri erauntsiak erizaindegiko sabaian eragindako kalteengatik. Osakidetzatik jakinarazi zuten osasun-laguntza bermatzeko jarduera-protokoloa ezarri zutela eta gaixo larrienak Donostiako eta Zumarragako ospitaleetara bideratuko zituztela, eta gainerakoak Eibarko Etengabeko Arreta Gunera. Itxuraz ura sartu zen klimatizazio sistemara eta sabaitik behera filtratu zen.
Kalteak konpondu ostean, atzo eguerdian jakinarazi zuten osasun zentroan ohiko jarduera berreskuratu zutela.