Bertatik bertara, gure hizkuntza, gure arnasa lelopean, martxan da uda honetan ere zerbitzu sektorean euskararen erabilera areagotzeko Bertatik Bertara kanpaina; irailaren erdialdera arte iraungo du bosgarren aldiz abiarazitako kanpainak. Bultzatzaileek azpimarratu dutenez, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere kanpainarekin.
Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu dituzte. Bestek beste, udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai-zapiak (300.000 inguru banatu dituzte), zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia ere prestatu dituzte.
Berrikuntzak
Aurten, estreinakoz, turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk; euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz prestatu dituzte euskarriak.
Berritasunen artean, gainera, Nire bidaiaren soinu banda izeneko zerrenda ere sortu dute Spotify-en. 20 kantuz osatuta dago zerrenda eta, azpimarratu dutenez, helburua da Euskal Herrira datozen bisitariei euskal musika ezagutaraztea eta "esperientzia gozagarria" eskaintzea.