Geoparkea oinez zeharkatzeko proposamena aurkeztu dute: Geoparkeko Bira

Berriketan 2024ko eka. 18a, 13:48

Hiru etapatan banatuta, 54 kilometroko ibilbide zirkular bat proposatzen du Geoparkeko Bira izeneko ibilbideak. Aurrerantzean, Euskal Kostaldeko Geoparkea alderik alde zeharkatzeko aukera izango dute bisitariek.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen ezagutzan sakontzeko helburua duen Geoparkeko Bira baliabide turistiko berria atzo (ekainak 17) aurkeztu zuten Casacampoko begiratokian egindako ekitaldi batean. Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailearen hitzetan, inauguratu berri duten ibilbide zirkularrak Geoparkea bestelako eran ezagutzeko aukera ematen die bisitariei, "itsaslabar, haran eta interes kultural eta turistiko handiko herrien artean dauden bidezidorretan barrena". 

Geoparkeko kudeatzaileak zehaztu duenez, hiru etapatan banatutako 54 kilometro horiek, azken batean, proposamen berri bat dira lehendik dauden bidezidor eta bideetatik igarotzen den Geoparkearen berri izateko. "Kostaldeko GR ibilbideak arrakasta handia duenez, Geoparkeko Bira ibilbide hori luzatzeko eta lurraldearen barnealdea (Olatz, Lastur, Itziar) ezagutarazi ahal izateko apustua da".

Eusko Jaurlaritzaren bidez izapidetutako Next Generation funtsekin finantzatu dute baliabide turistiko berria, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Plan Estrategikoarekin erabat bat datorrela ere nabarmendu nahi izan zuten atzoko aurkezpenean.

Azara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketa diputatuaren iritziz, proiektua" jarduera turistikoa desestazionalizatzeko eta deslokalizatzeko" aldundiak duen helburuari lotua dago. "Gu ezagutzera datozenak gure lurraldean murgildu daitezen nahi dugu, hots, gure lurraldean sar daitezen, nor garen eta nondik gatozen jakin dezaten, gure kultura, gure tradizioak, gure ingurunea eta gure jendea deskubritu ditzaten".

Kostaldetik zein barnealdetik

Geoparkeko Birak, zehazki, Mutriku, Deba eta Zumaia lotzen ditu eta zeharkatzen dituen "paisaien aberastasun naturalean eta edertasunean" datza bere balio nagusia. Hori guztia gutxi ez balitz, ibilbide zirkular berria eskaintzen duen lotura kulturalagatik ere nabarmentzen dela esan dute. "Ibilbidearen etapa bakoitzak tokiko historian eta tradizioetan murgiltzeko aukera ematen die bisitariei, bidaia esperientzia aberasgarria bihurtuz zentzu guztietan".

Iragarri dutenez, hiru etapen zailtasun maila ertaina da eta hortaz, norberak aukeratu dezake non hasi eta non amaitu. Hiru etapa horietako lehena Mutriku-Deba da. 16,6 kilometroko luzera du eta sei ordu iraun dezake. "Etapa flysch beltzean hasten da, Geoparkeak hartzen duen eremuaren puntu zaharrenean, eta Arnoko artadia zeharkatzen du. Kostaldeko eta barnealdeko bistak eskaintzen ditu, euskal baserri tradizionalez osatutako bide bakar batean".

Deba-Zumaia bigarren etapa, berriz, hiruetatik luzeena da; 19,7 kilometroko ibilbideak 1.000 metro inguruko desnibela du eta zazpi orduan osa daiteke. "Historiaurreko Bailara Deba ibaian gora zeharkatzen duen bidea da, Lasturko ur-kanalarekin lotu arte, eta, zalantzarik gabe, biraren tarte politenetako bat da. Gainera, Geoparkearen ikuspegi ezohikoa eskaintzen du".

 

17,7 kilometroko Zumaia-Mutriku azken etapa, aldiz, itsasertzetik igarotzen da oso-osorik. 1.000 metroko altuerako desnibela du eta zazpi ordutan osatzen da. "Lurraren historian barrena doan ibilbide bat da, flyscharen edertasunaz bere osotasunean gozatzea ahalbidetzen duena, Elgorriaga, Portutxiki eta antzeko bista ikusgarriekin".

Garraio publikoa

Etapa guztietan, gainera, garraio publikoa erabil daiteke, baita logistika eta ostatu azpiegitura egokia ere, ibilbidean zehar dauden establezimendu aniztasunari esker (tabernak, jatetxeak, nekazaritza turismoak, hotelak, kanpinak...). "Etapa guztietako irisgarritasunak, garraio publikoaren eta turismo-azpiegituren laguntzarekin batera, Geoparkeko Bira aukera ezin hobea da euskal kostaldea modu iraunkor eta sakonean esploratu nahi dutenentzat".