Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak prest du guztia bihar (ekainak 15) Minbiziaren Aurkako Martxa ospatzeko. 3 kilometroko martxa 11:00etan abiatu da Untzaga plazatik eta ondoren, Eibarko honako kaleak zeharkatuko ditu: Calbeton-Urkizu-Arragueta-Errebal-Julian Etxeberria-Dos de Mayo-Legarreko pasabidea-Corte Ingles-Isasi-Untzaga. “Paseo bat izango da. Edozein motako pertsonari dago zuzenduta, etor daitezke umeak, pertsona nagusiak… denetik”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Martxa hasi aurretik, beroketa ariketa gisa, zumba saio batez gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. Martxa bukatu ondoren, aldiz, luzaketak ere egingo dituzte.
Ehunka lagun
Orain arteko edizio bakoitzean ehunka lagun bildu ohi ditu ekimenak eta bihar ere antzeko parte-hartzea izatea espero dutela esan du Maria Amor Eibarko elkarteko presidenteak. “Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean gauza bat dugu oso argi: pazientea eta bere senideak erdigunean jarri nahi ditugu. Horregatik, jarduera honekin lortzen ditugun onura guztiak pazienteei eta senideei doako zerbitzuak eskaintzen jarraitzera bideratuko ditugu".
Lola Gisasola elkarteko presidenteordeak gaineratu duenez, “jendea animatzeko kirola egitera eta minbizia duten gaixoekiko egon daitezkeen tabuak apurtzen laguntzeko" baliatu nahi dute biharko martxa. "Askok ez dakite zein jarrera izan minbizia dutenen aurrean”.