Lasturko bolatokian izango da hitzordua, 12:00etatik aurrera, eta federazioko kideek azaldu dutenez, kanporaketa formatuan jokatuko da norgehiagoka. Kanporaketa amaitzean, bazkaria egingo dute auzoko tabernan eta ondoren, Gipuzkoako 53. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren zein Lehendakari Sariaren irabazleei sariak banatuko dizkiete, musikaz girotuta.
Sari banaketa ekitaldi barruan, gainera, omenaldia ere egingo dute. Gipuzkoako Hiru Txirlo Federazioaren aitortza jasoko dutenetako bat Bixente Zulaika Irureta lasturtarra izango dela aurreratu dute. Zulaikaren ekimenez berreskuratu zuten ia desagertzear zegoen auzoko bolatokia, eta egindako ahalegina eskertu nahi diote omenaldiarekin. Zulaikarekin batera, Felix Gomez Gomez Beltza-k eta Mari Carmen Olabe Hernandok ere jasoko dute aurten aitortza, hiru txirlo munduari egin dioten ekarpenagatik.
Ibarluzea txapeldun
Aurreko larunbatean (maiatzak 25) erabaki zen Bergarako San Joxepe bolatokian Gipuzkoako 53. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa. Azken jardunaldi horretan 60 bolarik parte hartu zuten eta horien artean San Migel taldeko Unai Loiola nagusitu zen; bolari elgoibartarrak bost txirlo bota zituen.
Honakoa izan zen bola jardunaldiko sailkapena:
- Unai Loiola (San Migel), bost txirlorekin.
- Alex Campos (Asola Berri), bost txirlorekin.
- Gorka Etxaniz (Floreaga), bost txirlorekin.
- Ganix Rodriguez (Asola Berri), bost txirlorekin.
- Xabier Loiola (San Migel), bost txirlorekin.
- Pablo Davila (Asola Berri), bost txirlorekin.
Sailkapen orokorrean, berriz, aldaketak egon ziren. Estu-estu zegoen sailkapen nagusia eta, beraz, lehen postuetan zeuden bolarien artean lehia handia espero zen. Asola Berri taldeko Garikoitz Rodriguez lider iritsi zen azken jardunaldira, 38 punturekin. Rodriguezek, zehazki, bigarren postuan sailkatuta zegoen Angel Ibarluzearekiko hiru puntuko aldearekin hasi zuen lehia.
Bergaran, baina, Rodriguezek eta Ibarluzeak puntutan berdindu zuten. 40na puntu eskuratu zituzten eta berdinketa hausteko tiraldiaren ostean, elgoibartarrak lortu zuen lehen postua. "Elgoibartarrak ibili zen finen eta, beraz, berak bereganatu du txapela". Podiuma, berriz, hainbat astetan sailkapen nagusiko liderra izandako Floreaga taldeko Santos Muñozek osatu zuen.
Hona hemen sailkapen nagusia:
- Angel Ibarluzea (San Migel), 40 puntu.
- Garikoitz Rodriguez (Asola Berri), 40 puntu.
- Santos Muñoz (Floreaga), 34 puntu.
- Unai Loiola (San Migel), 33 puntu.
- Boni Plaza (Elgeta), 33 puntu.
- Gorka Etxaniz (Floreaga), 32 puntu.