Eusebio Mugertza Azpiazu Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urtemugako ekitaldien barruan eta bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa sustatzeko helburuarekin, Txirristaka Saria bertsopaper lehiaketa antolatu dute In Leike kultur elkarteak, Mendaroko Udalak eta herritar talde batek elkarlanean. Jakitera eman dutenez, ostiralean (maiatzak 31) amaitzen da Euskal Herriko mailako hedadura duen lehiaketarako lanak aurkezteko epea.
Antolatzaileek hiru kategoria (A, B eta C) proposatu dituzte eta guztietarako gai bera eman dute: Alkate izan nahi dut izango da, Txirristakaren bertso sorta ezagunenetako bati erreferentzia eginez. Azpimarratu dutenez, bertsoak euskaraz idatzi beharko dira eta neurria eta doinua libreak izango dira. Honakoak dira proposatu dituzten kategoriak:
- A kategoria. 2010ean edo ondoren jaiotakoentzat izango da, eta bertan Debabarrenekoek bakarrik parte hartu ahal izango dute; gutxienez bi bertso eta gehienez lau osatu beharko dituzte.
- B kategoria. 2006 eta 2009 urteen artean (biak barne) jaiotako Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute bertan, eta gutxienez lau bertso eta gehienez zortzi sortu beharko dituzte.
- C kategoria. 2005ean eta lehenago jaiotako Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute; 8-12 bertso osatu beharko dituzte.
Postaz edo Internetez
Lanak aurkezteko bi modu daude: posta arruntez, Mendaroko udaletxera bidalita (Mendaroko Udala. Herriko Enparantza, 1. 20850) edo udalaren webgunean eskegi duten formularioa beteta. Lehiaketari eta sariei buruzko informazio gehiago, oinarrietan. Kontsultatu HEMEN oinarriak.