Aurreko larunbatean (maiatzak 18) Elgoibarko San Pedro auzoko Idotarbeko bolatokian jokatu zen Gipuzkoako Hiru Txirlo Bolo Joko Txapelketaren bederatzigarren jaurtialdian 61 bolarik parte hartu zuten eta horien artean San Andres taldeko Jose Antonio Nuñez Txiki bolari soraluzetarra izan zen onena; sei txirlo botata, urteko lehen garaipena lortu zuen Idortarben.
Asola Berri taldeko Garikoitz Rodriguez eibartarra bigarren sailkatu zen eta Elgetako taldeko Pedro Goenaga izan zen hirugarren.
Honakoa izan zen bola jardunaldiko sailkapena:
- Jose Antonio Nuñez (San Andres), sei txirlorekin.
- Garikoitz Rodriguez (Asola Berri), bost txirlorekin.
- Pedro Goenaga (Elgeta), lau txirlorekin.
- Jesus Mari Gorosabel (UDA), lau txirlorekin.
- Pablo Davila (Asola Berri), lau txirlorekin.
- Isana Gorosabel (UDA), lau txirlorekin.
Sailkapen nagusiari dagokionean, lider aldaketa egon da. Azken jardunaldian lortutako emaitza onari esker, lehen postura jauzi egin du Asola Berri taldeko Garikoitz Rodriguezek; azken asteotan podiumeko bigarren eta hirugarren postuetan ibili da Rodriguez eta orain aurre hartu dio bigarren astetik lidertzari eusten zion Santos Muñozi. Azkoitiko Floreaga taldeko kideak bi postu egin du behera, hirugarren postuan da orain. Sailkapeneko bigarren postuan, berriz, San Migel taldeko Angel Ibarluzea elgoibartarra kokatu da.
Hona hemen sailkapen nagusia:
- Garikoitz Rodriguez (Asola Berri), 38 puntu.
- Angel Ibarluzea (San Migel), 35 puntu.
- Santos Muñoz (Floreaga), 34 puntu.
- Boni Plaza (Elgeta), 32 puntu.
- Unai Loiola (San Migel), 28 puntu.
- Gorka Etxaniz (Floreaga), 27 puntu.
Txapelketako azken jaurtialdia, berriz, Bergarako San Joxepe bolatokiak hartuko du; bihar (maiatzak 25), 17:00etan hasiko da lehia. Antolakuntzak azpimarratu duenez, erabakigarria izan daiteke Bergarako tiraldia. "Sailkapen nagusiko lehen sailkatuen artean norgehiagoka estua izango da. Azken jardunaldi horretan txirlo kopuru gehien jotzen duenak jantziko du txapela".