Debako Udalaren eta Itziarko Auzo Udalaren laguntzarekin, Altxa burua Deba-Itziar Taldeak hiru hitzaldi antolatu ditu maiatzerako, eta laugarren bat ekainerako. Atzo izan zen lehenbizikoa, Deban, eta gaur arratsaldean egingo da bigarrena, Itziarko Kalebarreneko lokalean. 18:00etan hasiko da Pantaila, mugikor eta bideojokoei buruzko kontzientziazioa eta hausnarketa goiburupean egingo den solasaldia; deialdia batez ere LH4tik DBHra bitarteko ikasleen gurasoei zuzenduta dago, baina interesa duen edonor bertaratu daiteke.
Gaur egingo den hitzaldi bera Deban ere egingo da, maiatzaren 20an (Kultur Elkartean, 18:00etan). Eta ekainaren 12rako Burugorri gainean jarri dute azken hitzordua; Haurrak eta pantailak hizpide hartuta, Miren Ros adituak batik bat HHko eta LH3ko ikasleen gurasoei zuzendutako hitzaldia emango du. Nolanahi ere, interesa duten herritar guztiak gonbidatu dituzte saiora.
Altxa burua Deba-Itziar Taldeak azken hilabeteotan ekin dio bere ibilbideari. Hauek dira taldearen helburu nagusiak: batetik, haurrek sakelako telefono adimenduna ahalik eta beranduen eskuratzea, eta, bestetik, sakelako telefono adimendunen eta pantailen erabilera kontzientea sustatzea. Berriketan aldizkarira bidalitako gutun honetan eman zuten taldearen sorreraren berri.