GUTUNA

"Martxan da Altxa burua Deba-Itziar Taldea"

Altxa burua Deba-Itziar Taldea 2024ko mar. 27a, 09:50

Altxa burua Deba-Itziar Taldeak gutuna igorri du Berriketan aldizkarira. Hona hemen idatzia:

Altxa burua Deba-Itziar Taldea sortu berri dugu, Altxa-burua Gipuzkoa Taldearen baitan, eta horren berri emateko eta taldea ezagutarazteko baliatu nahiko genuke gutun hau. Gure helburuak hauek dira: batetik, haurrek sakelako telefono adimenduna ahalik eta beranduen eskuratzea, eta, bestetik, sakelako telefono adimendunen eta pantailen erabilera kontzientea sustatzea.

Aipatutako helburuak lortzeko, aurrerantzean eskolarekin, guraso elkarteekin, udalarekin eta herriko beste eragile batzuekin elkarlanean arituko gara ekintza desberdinak antolatzen. Miren Ros aditua bidelagun izanda, adibidez, herritarrentzako sentsibilizazio hitzaldi eta solasaldi desberdinak egingo ditugu, haurren adinari egokituta: pantailen erabilerari buruzko hausnarketa egin, eta mugikorren, Interneten eta sare sozialen arriskuei buruz arituko da hezitzailea.

Era berean, Luzaro ikastetxeko LH4ko haurrek hainbat saio egingo dituzte Miren Rosekin eta, saioen ostean, gazteek landutakoari buruzko informazioa edota ondorioak jasoko dituzte haien gurasoek. Halaber, aurten eta hurrengo hiru ikasturteetan egingo diren hitzaldiak eta formakuntza saioak udalak ekonomikoki babestuko dituela adostu dugu.

Aurrerantzean ere joango gara taldearen ekimenen berri ematen. Laster arte!